'Lurra, sustraietatik orri' lelopean datoz aurtengo Eako Poesia Egunak
Aurrekoetan ez bezala, herrigunean egingo dituzte ekitaldi guztiak. Besteren artean, topaketarako beren beregi egindako sormen lanak aurkeztuko dituzte udalerrianHitzaldi, dantzaldi, antzerki emanaldi zein kontzertuez gozatzeko aukera emango du aurteng...
Aurrekoetan ez bezala, herrigunean egingo dituzte ekitaldi guztiak. Besteren artean, topaketarako beren beregi egindako sormen lanak aurkeztuko dituzte udalerrian
Hitzaldi, dantzaldi, antzerki emanaldi zein kontzertuez gozatzeko aukera emango du aurtengoan ere Eako Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak. Barikutik domekara bitartean, askotariko sortzaileek bat egingo dute kostaldeko txoko txikian, Eako Poesia Egunetan. Aurrekoetan Natxituan eta Bedaronan egiten zituzten zenbait ekitaldi, baina aurten denak herrigunean egingo dituzte.Lurra, sustraietatik orri lelopean egingo dute topaketa, hamabosgarrenez. Hain zuzen, literatur ikuspegitik kontzeptu zabala da lurra, eta literatura bezain emankorra. Halaber, idazleak zuri aurkitzen duen orria zein sortzen duen edukia ere iradoki gura izan dute goiburuan.
Beste alde batetik, Erramun Landa Mendibe eatarrak egin du aurten ere kartela, Bedaronako Juanen balada tristea izenburupean. «Herriko pertsona maitagarria izan zen; pertsonaia erreala, eta errealitate gogorra bizi izan zuena. Sufrikario horren salaketa egin nahi izan du kartelagaz».
Beste behin, Earako beren beregi sortutako lanak aurkeztuko dituzte, Metrokoadroka Sormen Laborategiaren Zanbuia! kale antzerkia, esaterako.
Alabaina, Amaia Elizalderen hitzaldiagaz hasiko da topaketa. Jarraian, Mikel Laboaren bost pieza esperimentaletatik eratorritako Lekeitioak dantza ikuskizuna eskainiko du Mizel Theret koreografo eta dantzari garaikide hazpandarrak.
Zapatuan goizetik gauera arteko plana izango dute, hamaika ekitaldigaz, eta domeka arratsaldean, La Basu rap kantari etxebarritarraren letrekin amaituko dituzte Eako Poesia Egunak. 20 urtetik gorako ibilbide musikala dauka, eta bere azken lana aurkeztuko du: Ni naiz izotz erregina. Soinu eta berba indartsuak batzen ditu Euskal Herrian bakarkako emakumezko batek euskaraz argitaratutako lehen disko horrek. Bertso, rap musika, dancehall eta electro swiming soinuekin agurtuko dira.
Ikasteko, sakontzeko eta gozatzeko eskaintza zabala dakarte beste urte batez. Hiru egunetan, sortzailez eta sormen gosez diren ikus-entzulez beteko da Ea.