Bigarren urtez, eta iazko arrakastaren ostean, musika elektronikoaren topaketa hartuko du bihar Muxikako Eleizalde auzoak. Iaz, «oso gustura» egon ziren eta espero baino jende gehiago bertaratu zela diote antolatzaileek; aurten ere, «antzeran edo gehiago» izatea espero dute.
Urtean publiko ezberdinarentzako hainbat jarduera antolatzen ditu Erdu Gazte Asanbladak, eta oraingoan musika protagonista izango duen jaia antolatu du. Musikaz gain, hala ere, artisau azoka, jolasak, eta jan-edanerako txokoa hartuko du, besteren artean. Aurten, gainera, grafitigileak ere egongo direla nabarmendu dute.
12:00etan hasiko dute doako jaialdia, eta gauerdira arte luzatuko da. Ibilgailuentzat aparkalekua egokituta edukiko dutela aurreratu dute.
Honakoak izango dira musikariak; tartean, gernikarrak: Delirius (T.S.K.), Kino Internacional (Oreka), Eddie Mae (KrII), Les Alsborregach (Stereorocks), Balza (Haus of breats/Bet), Katza (Paraleloan) eta Phönix (T.S.K.).