Baguez Bermiorantz! lanak irabazi du aurtongo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragartzeko kartel lehiaketa. 600 euro jaso ditu irabazleak.
Hamabi lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta Jai Batzordeko kideek, udaleko zinegotziek eta Barrueta Arte Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak
hiru kartel
finalista aukeratu zituen. Ondoren, herritarren botoek erabaki dute kartel irabazlea.
Kultur Etxean ipinitako kutxa baten bidez zein Internet bidez eman ahal izan dute euren iritzia bermeotarrek. Kutxan jasotako botoek %70eko balioa izan dute eta internet bidez jasotakoek %30a. Bermeoko Udalak iaz baino parte hartze handiagoa egon dela azpimarratu du.
Jai Batzordeak botoa eman duten herritar guztiei eskerrak eman dizkie. “Herritarron iritzia garrantzitsua da Bermeoko jaietako kartela aukeratzeko. Pozgarria da guztion artean Bermeoko jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzea, izan ere, Bermeoko jaiak jai parte hartzaileak dira”.
Izaro Abaroaren ‘Baguez Bermiorantz!’ kartela.
Argazkia: Bermeoko Udala.