Bermibusa osasun etxearen parean geldituko da astelehenetik aurrera
Bermeoko Udalak Bermibuseko geltokiak egokitzea erabaki du.
Astelehenetik, uztailaren 9tik, aurrera, San Juan portalean gelditu beharrean, osasun etxearen parean geldituko da autobusa, bertara doazen herritarren “irisgarritasuna eta mugikortasuna hobeto bermatzeko”. Izan ere, geltoki horretan gelditzen diren erabiltzaile asko anbulatoriora joaten dira eta euretariko batzuen mugikortasuna murriztua da.
Bermeoko Udalak herritarren eskaerak eta beharrizanak kontuan hartuta erabaki du aldaketa hori egitea, adierazi du Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak. Helburua “kalitatezko zerbitzua eskaintzea” dela azpimarratu du.
Horrez gain, ingurumena zaintzeko eta trafikoa saihesteko, Ibarrolazak, Aritzatxu hondartzara joateko autoa erabili beharrean, autobusa erabiltzeko eskaera egin die herritarrei. Hori eginez, “gutxiago kutsatu” eta guztien artean “ingurua zaintzen” dela adierazi du.
Aritzatxura joateko Bermibusa erabiltzea “oso erosoa” dela nabarmendu du alkateordeak: “hondartzatik oso gertu geltokia du, eta garraio publikoa erabiliz ez da aparkalekurik bilatu behar”. Hortaz, autobusa dagoen egunetan Aritzatxura joateko Bermibusa erabiltzera deitu ditu herritar guztiak.
Bermibusek, astelehenetik barikura, 7:45etik 14:15era eta 16:45etik 19:15era, eta zapatuetan 8:45etik 13:15era, eskaintzen du zerbitzua ordu erdiro. Lameratik laurdenetan eta laurden gutxiagotan irteten da, eta domeketan ez dago Bermibus zerbitzurik.
Bermibusek txartel sistemaren bidez funtzionatzen duela gogoratu du Ibarrolazak. Txartelak “ordainketa prozesua errazten” duela adierazi du, eta gainera “hainbat abantaila eskaintzen ditu”: adibidez, txartelarekin bidaia arruntaren tarifa 0,70 eurokoa da, ohiko billeteak balio duen euroaren kontrara. Ez hori bakarrik, jubilatu, langabetu, %65eko edo gehiagoko aniztasun fisiko, psikiko edota sentsoriala dutenek eta familia ugariek hobariak dituzte, eta bidaia 0,50 eurokoa da beraientzat. Horretarako txartela behar dutela azaldu du Ibarrolazak.
Mota guztietako txartelek bi euroko prezioa dute, eta txartelak autobusean bertan eskuratu daitezke. Hala ere, jubilatu, langabetu, %65eko edo gehiagoko minusbalia dutenek eta familia ugariek, Berhaz bulegoan eskuratu beharko dute, dagozkien dokumentazioa aurkeztu ondoren.
Lau urtera arteko umeek ez dutela tasarik ordaindu behar gogoratu du Ibarrolazak. Alkateordeak erabiltzaile guztiei txartela egiteko gomendatu die, bidaiak merkeagoak direlako eta gainera “erosoagoa da bidaiarientzat zein gidarientzat”.