Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana egingo dute
Uztailaren 14an batuko dira, itsasoak kalara ekarritako hondakinak biltzeko. Gaztelugatxeko ingurumenaren eta paisaiaren balioa zaindu eta mantendu gura dituzteGaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana antolatu du uztailaren 14rako Bermeo...
Uztailaren 14an batuko dira, itsasoak kalara ekarritako hondakinak biltzeko. Gaztelugatxeko ingurumenaren eta paisaiaren balioa zaindu eta mantendu gura dituzte
Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana antolatu du uztailaren 14rako Bermeoko Udalak, Lurgaia Fundazioagaz eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren laguntzagaz.Garbiketa lan horien helburu nagusia itsasoak kalara ekarritako hondakinak kentzea eta biltzea izango da: besteak beste, botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak.
Irune Ormaetxea Bermeoko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, ekimen horregaz kostaldean «hain berezia den Bermeoko Gaztelugatxeko ingurumenaren eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen» lagundu nahi dute. Hala, garbiketa lanetan edonork parte hartu ahal duela jakinarazi dute antolatzaileek.
Uztailaren 14an 09:30ean Eneperi jatetxearen aparkalekuan batzeko deia egin dute. Itsasbehera izango dela aprobetxatzeko asmoa daukatela azaldu dute, garbiketa lanak errazteko. Hasteko, ekimenaren arduradunek itsasoaren kutsadurari buruz solasaldi bat eskainiko dute, eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioak taldeka antolatuko dira. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta janaria banatuko dizkiete, eta jardunaldia 14:00etan amaituko dela adierazi dute antolatzaileek.
Ondo prestatu beharra
Lanak egingo diren Gaztelugatxeko kala harritsua dela nabarmendu dute. Horregatik, gunearen zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko dute, eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dituzte. Bermeoko Udalak edukiontzi horiek hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu.
Antolatzaileek arropa eta oinetako erosoak (laban egiten ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edateko likidoa eramatea gomendatu diete boluntario bezala joatea pentsatuta daukatenei, eta garbiketa jardunaldietara ondo prestatuta joateko beharra nabarmendu dute.
Ez da Gaztelugatxen halako garbiketa lanak egiten diren lehen aldia: gogoratu dutenez, urte honetako ekimenagaz bost izango dira gune horretan egindako auzolanak. 2016ko azaroan egin zuten azken jardunaldia, eta «arrakasta handia» eduki zuen. 20 pertsonatik gora bildu ziren, adin guztietako boluntarioak, gizon zein emakume, kala garbitzeko lanetan, eta «hondakin kopuru handia» biltzea lortu zuten.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek izena ematea uztailaren 12an, 18:30ak baino lehen, info@lurgaia.org posta elektronikoan edota mugikorragaz whatsapp bidez 606 14 18 31 zenbakira idatzita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat eman behar dira.