Bi hilabeteko lanen ostean, Autzaganeko bidegorria erabiltzeko prest dago
Oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitu dute Autzagane igarotzen zuen errepide zaharra, jarraikortasuna emanez. 725.000 euro inbertitu dituzte 1.600 metroko bidegorria egitekoAutzaganeko errepide zaharrean bidegorria egin dute, eta dagoenerako erabilt...
Oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitu dute Autzagane igarotzen zuen errepide zaharra, jarraikortasuna emanez. 725.000 euro inbertitu dituzte 1.600 metroko bidegorria egiteko
Autzaganeko errepide zaharrean bidegorria egin dute, eta dagoenerako erabiltzeko prest dago. Oinezkoentzat eta bizikletentzat egokitu dute Autzaganeko errepide zaharra; Urdinbideko tunelak zabaldu eta bi hilabetean egin dituzte bidegorriko lanak.Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez, 725.000 euro inbertitu dituzte 1.600 metro dituen bidegorria egiteko, eta horri esker, Autzaganeko gainaren bi aldeetan dauden oinezkoentzako tarteei jarraikortasuna ematea lortu dela dio aldundiak: «Zornotzatik Muxikara doan oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbide jarraitua egitea lortu da obra honegaz».
Bidegorriaren proiektuaren barnean, gainera, metalezko eta egurrezko eusteko hesiak jarriko direla adierazi dute, «galtzada eta oinezkoen bidea elkarrengandik banatzeko eta ibilbidea seguruagoa bihurtzeko». Oinezkoek erortzeko arriskua daukaten guneetan, berriz, egurrezko barandak ere ipiniko dituztela jakinarazi du aldundiak.
Hegoaldean, Zornotzarako bidean, argiteria gehituko dute eta zirkulazio seinaleak berrituko dituzte.
Aisialdirako gunea
Bizkaiko Foru Aldundiaren berbetan, proiektuaren helburu nagusia txirrindulari eta oinezkoentzako azpiegitura eta zerbitzuak zabaltzea izan da, «hiri eta landa eremuak batzeko asmo irmoagaz».
Ingurumenaren ikuspuntuari erreparatuta, berriz, bidegorriak ibilgailu pribatuen erabilera tradizionalak baino aukera «adeitsuagoa» eskaintzen duela gehitu du aldundiak. «Egunero Urdinbideko tuneletatik pasatzen diren 16.000 ibilgailuentzako segurtasuna lortzeaz gain, aisialdirako esparrua sortu da».
Deiturak aldatu
Apirilaren 14an ireki ziren Urdinbideko tunelak, eta horren ondorioz, errepide zaharra BI-635 errepideak deitzetik BI-3325 deitzera igaro da; kategoria aldaketa dela eta egin dute izendapen aldaketa.