Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari zirela enpresa esleipenduna hartzekodun aurre lehiaketan sartu zen eta lanak utzi zituen.
Irune Ormaetxea Bermeoko Urigintza zinegotziak azaldu duenez, beste enpresa batek hartuko ditu bere gain obra hori, eta tramitazio guztiak egin ondoren
“ahalik eta azkarren” jarraitzeko asmoa dutela argitu du.
Santamañe kaleko lanak
maiatzaren 7an hasi ziren eta ekainean lan horiek egiten ari zen enpresak Bermeoko Udalari komunikatu zion hartzekodun aurre lehiaketan sartu dela eta lanak uzten dituela. Arazo horren aurrean, “gauzak ahalik eta arinen konpontzen saiatu” direla, eta “laster” lanekin berriro hasiko direla dio Ormaetxeak. Izan ere, “oso garrantzitsuak dira gune horretan irisgarritasuna bermatzeko”, azaldu du.
Santamañe kalea. Argazkia: Bermeoko Udala
Zinegotziak gogoratu duenez, lan horien bidez, Santamañe kaleko
espaloia zabaldu eta berrituko da Kurtzioko sarreraraino. Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdearen dagoen
hesia eraitsi da. “Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen du eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten du”, argitu du Ormaetxeak.
Hori dela eta, adierazi duenez, Bermeoko Udalak lur-sail horren jabeekin akordio batera iritsi zen eta, horren ondorioz, hesia eraitsi da eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko dute. Ormaetxearen berbetan, berrituko duten espaloiaren
luzera 135 metrokoa da, eta
azalera 500 m2-koa.
“Kale osoaren
zoladuraren uniformetasuna” lortuko dela adierazi du zinegotziak, eta obragaz “askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa” izango dela bertatik ibiltzea, “bertako bizilagunen
bizi kalitatea hobetuz”, nabarmendu du.
Ildo berean, Kurtzion era desegokian dauden eskailerak ere konponduko dituztela jakinarazi du. “Ekimen horiek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna eta itxura hobetzen lagunduko dute”, azaldu du. Bukatzeko, Santamañe kaleko lanak, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egindakoak bezala, “irisgarritasun plangintzaren barne kokatu” behar direla argitu du zinegotziak. “Bermeo
herri irisgarria izateko, Bermeoko Udalak irisgarritasun plangintza hori egin zuen eta urtero
aurrerapausoak emateko konpromisoa” dagoela azpimarratu du.