Gaur egun
80 umetik gora daude talde gernikarrean, eta azken urteetan talde sendoa egitea lortu dute. Markaz marka, euren denborak hobetzen ari dira, eta emaitzak ere agerikoak dira.
Hala ere, txapelketetako emaitzei baino, igerian ondo ikasteari ematen diete garrantzia.
Giro bikaina dute igerilarien artean zein entrenatzaileekin. Eta giro horrek ere eragina du taldearen lorpenetan. Era berean, gurasoak ere harreman estua dute taldeagaz.
Aurreko asteburuan, Euskal Herriko txapelketa lehiatu zuten txiki eta alebin mailetan, Galdakaon eta Ordizian. Batean zein bestean, lehia sanoa izan zen protagonista, eta harmailak bete zituzten gurasoen berotasuna izan zuten ume eta gaztetxoek. Beste behin, txalo eta animo artean, horien babesa sentitu zuten.
Alebinetan, Aimar Ondarza, Ane Obieta, Garazi Fernandez eta Irati Bengoetxea izan ziren Kosnoagako ordezkariak Ordiziako igerilekuan. Lan txukuna egin zuten denek ere. Hala,
Ondarza Euskal Herriko txapelduna da bizkar modalitateko 200m eta 100m probetan, eta 100m librean txapeldunorde geratu zen. 100 estiloak modalitateak Euskal Herriko txapeldunordea da Obieta, 200m estiloak eta 100m bizkar modalitateetan hirugarren postua lortu du.
Kosnoagako txiki mailako igerilariak, Euskal Herriko Txapelketan.
Argazkia: Kosnoaga Igeriketa Taldea.
Galdakaon elkartu ziren txiki mailako igerilariak. Kosnoagatik ordezkaritza zabala egon zen bertan. Hain zuzen, zortzi igerilari hauek parte hartu zuten: Maialen Foruria, Anabel Egurrola, Unai Uribe, Izei Carbó, Garazi Bengoetxea, Iraia Aranbarri, Aimar Irazabal eta Aide Ercilla.
Bengoetxea eta Aranbarri bina probatan nagusitu ziren. Libre modaltitateko 200m eta 400m probetan Bengoetxea da egungo Euskal Herriko txapelduna. Aranbarrik, berriz, 100m estiloak eta 200m bular probetan lortu zuen lehenengo postua. Halaber, Bengoetxea txapeldunorde geratu zen libre modalitateko 100m-ko proban, eta Aranbarri 100m bular modalitateko txapeldunordea da.
Irazabalek hirugarren postua lortu zuen 100m estiloak proban, eta Ercilla ere hirugarrena izan zen 400m estiloak proban.