Uztailaren 14a, zapatua, izango da hondakinak garbitzeko bilduko diren eguna.
Bermeoko Udalak, Lurgaia Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzagaz batera, antolatu du auzolana. Garbiketa lan horien helburu nagusia itsasoak kalara ekarritako
hondakinak kentzea izango da: besteak beste, botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak.
Irune Ormaetxea Bermeoko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, ekimen horrekin kostaldean “hain berezia den Bermeoko Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren
balioa zaintzen eta mantentzen” lagundu nahi dute. Hala, garbiketa lanetan
edonork parte hartu ahal duela jakinarazi dute antolatzaileek.
Jakitera eman dutenez, geralekua Eneperi jatetxearen aparkalekua izango da, uztailaren 14ean,
09:30ean. Itsasbehera izango dela aprobetxatzeko asmoa daukatela azaldu dute, garbiketa lanak errazteko. Hasteko, ekimenaren arduradunek itsasoaren kutsadurari buruz
solasaldi bat eskainiko dute eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioak taldeka antolatuko dira.
2016an egin zituzten garbiketa lanak azkenengoz. Argazkia: Bermeoko Udala
Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie, eta jardunaldia
14:00etan amaituko dela adierazi dute antolatzaileek.
Lanak egingo diren Gaztelugatxeko
kala harritsua dela nabarmendu dute. Horregatik,
gunearen zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko
giza kate bat osatuko da eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Bermeoko Udalak edukiontzi horiek
hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu.
Antolatzaileek
arropa eta oinetako erosoak (labainik egiten ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta
edateko likidoa eramatea gomendatzen die boluntario bezala joatea pentsatuta dutenei.
Ez da Gaztelugatxen halako garbiketa lanak egiten diren lehen aldia: gogoratu dutenez, urte honetako ekimenarekin
bost izango dira gune horretan egindako auzolanak. 2016ko azaroan egin zuten azken jardunaldia, eta arrakasta handia izan zuen. 20 pertsonatik gora bildu ziren, adin guztietako boluntarioak, gizon zein emakume.
Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek
izena ematea uztailaren 12an, 18:30ak baino lehen
info@lurgaia.org posta elektronikoan edota mugikorragaz
whatsapp bidez 606 14 18 31 zenbakira idatzita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman behar dira.