Tradizioari eutsiz, arrantzaleen patroiaren eguna ospatuko dute gaur
Mundakan, Elantxoben eta Bermeon. Halaber, jai egun garrantzitsu horrek dakartzan festa eta ekimen berezietan parte hartzeko aukera aparta izango dute herritarrek.
Sanpedroak ospatzeko
adin eta zaletasun guztientzako jarduerak egongo dira, eta, hala, mundakarrek gaur goizen txistularien kalejiragaz hasiko dituzte jaiak. Ondoren,
santuaren prozesioari ekingo diote, horri ohikoa den ohorezko aurreskua eskainiz, gainera.
Santuari prozesioa egin ondoren, ohorezko aurreskua egiten diote, Mundakan.
Gauean, kontzertuen musikak alaituko du Mundaka.
Cactus taldearen kontzertuaz gozatu ahalko da. Mundakako eszenatokira igotzen diren lehen aldia izango dute, eta gainera, proiektu berezi baten aurkezpena ere egingo dute,
Auritz metal estiloko talde euskaldunagaz batera. Auritz
autismoa daukatenen alde egiten duen proiektua da, eta herrian halako ekimen solidario handia egiten den lehenengo aldia izango da.
Proiektuagaz liburu eta disko bat argitaratzea aurreikusten dute, eta, hala, festen antolatzaileek “ikusgarria” izango dela deritzoten kontzertuaz gain,
helburu solidarioekin salduko diren hainbat produktu eskainiko dituzte berebiziko garrantzia daukan ekimen horretan.
Zapatu goiza jarduera berritzaile eta originalagaz hasiko dute. Herriko eskubaloi taldeak
Street Hand Ball ekimena antolatu du. Kirol hori gainontzekoei hurreratzeko asmoa daukate, eta horrela, eskubaloia “probatu, jolastu eta parte hartzea” bilatzen dute.
Eguerdian, aspaldiko partez,
zanpantzarrak ikusi ahalko dira herriko txosna gunean, beraien kanpaien hotsa herri guztira eramanez. Horiekin batera,
sukalki lehiaketan ariko dira herriko bizilagunak. Arratsaldean, musikagaz esperientzia desberdinak bizitzeko aukera izango da:
Sound System ekitaldiak reggaea ekarriko du txosna gunera, eta iluntzean,
Gozategi taldeak bere disko berriaren kontzertua emango du herriko plazan.
Domekan, sanpedroei bukaera emateko, gaztetxo zein nagusiek itzel pasatuko dute txistularien kalejiran
buruhandiz mozorrotuz. Ondoren, arrakasta handia izaten duten
uretako puzgarriekin gozatu ahalko da. Ongi pasatu ondoren, sardina janagaz tripa bapo betetzeko aukera izango dute mundakarrek txosna gunean, eta arratsaldean, azken traka baino lehenago, pilota partiduak eta disko festa izango dira aukeran.
Denentzako festak. Elantxobetarrek ere badaukate zer ospatu herriko jai nagusietan. Gaur emango diete hasiera sanpedroei,
Elizabarrin emango duten meza nagusiagaz. Arratsaldean, bestalde, denetariko ekimenak prestatu dituzte: etxeko txikienak mozorrotzeko aukera izango dute, eta beraientzako bereziki zuzenduta egongo den
antzerki ikuskizunaz gozatu ahalko da. Nagusiagoek ohikoa den
mus txapelketan parte hartu ahal izango dute, aurten herriko Kraken tabernan egingo dena.
Meza nagusiaren ostean, koralaren emanaldia eta txistulariak egoten dira, Elantxoben.
Bihar,
portuan egingo dituzte jarduera guztiak. Goizean, gazte zein nagusientzako
marmitako txapelketa egongo da, eta triki poteoan ariko dira ondoren. Arratsaldean, umeentzako disko festa eta puzgarriak jarriko dituzte, eta eguna bukatzeko,
The Associados taldearen emanaldiagaz jai aparta egiteko aukera izango dute elantxobetarrek.
Domekan
Tinglao bigarren eskuko eta artisauen merkatua egingo dute portuan bertan. Goizetik arratsaldera bitarte, askotariko produktuak izango dituzte salgai. Edonork parte har dezake merkatu txikian. Mahaia jarri nahi duenak 10 euro ordaindu beharko ditu.
Bermeon, prozesioa. Bermeotarrek gaur ospatuko dituzte sanpedroak, Arrantzaleen Kofradiak antolatutako San Pedroren prozesioan batzeko deia eginez. Alde zaharrean eta portuan ibiliko dira. Jarraian,
meza ospatuko dute Santa Eufemia elizan.
EGITARAUAK:
ELANTXOBE
GAUR
- 12:00. Meza nagusia, koral aurresku eta txistulariak, Elizabarrin.
- 18:00. Mus Txapelketa, Kraken tabernan.
- 18:00. Umeentzako mozorroak eta antzerkia.
- 18:00. Pilota partiduak.
- 21:00. Musika/Berbena: LOWE 80ko hamarkadako klasikoak.
BIHAR
- 10:00. Marmitako txapelketa, portuan.
- 13:00-15:00. Triki poteoa.
- 18:00. Elai Alai Dantzak.
- 18:00-21:00. Umeentzako diskofesta eta puzgarriak.
- 21:00. The Associados berbena.
ETZI
- 11:00. Tinglao merkatua, portuan.
MUNDAKA
GAUR
- 10:30. Txistularien kalejira.
- 12:00. Prozesioa santuari eta ohorezko aurreskua.
- 18:30. Pilota partiduak, frontoian: Etxebarria-Galarza vs Arrese-Zabala.
- 20:30. Egunsenti Dantza Taldearen emanaldia, plazan.
- 21:30. Cactus taldearen kontzertua eta Auritz taldearen kontzertu solidarioa, herriko plazan.
BIHAR
- 09:00. Street Hand Ball erakustaldia.
- 10:00. Sukalki lehiaketa.
- 11:00. Txistularien kalejira.
- 12:00. Zanpantzarrak.
- 13:00. Sukalkien aurkezpena eta sari banaketa.
- 16:00. Sound System musika ekitaldia, txosna gunean.
- 21:00. Boca Beats komedia ikuskizuna, txosna gunean.
- 23:00. Gozategi taldearen kontzertua, herriko plazan.
ETZI
- 11:00. Txistularien kalejira buruhandiekin batera.
- 12:00. Puzgarri akuatikoak, plazan.
- 13:15. Sardina jana, txosna gunean.
- 18:00. Pilota partiduak.
- 19:30. Disko festa.
- 22:30. Jaien azken traka.
BERMEO
GAUR
- 10:15. Bermeko Udalak Arrantzaleen Kofradiako presidentea eta Zuzendaritza Batzordea agurtuko ditu
- 10:30. San Pedroren prozesioa Alde Zaharrean eta portuan, Arrantzaleen Kofradiak antolatuta.