Arrano arrantzaleak behatzeko doako irtenaldiak antolatu ditu Bird Centerrek udarako
Beste urte batez, Gautegiz Arteagan kokatuta dagoen Urdaibai Bird Centerrek Afrikatik iritsitako arrano arrantzaleak behatzeko irtenaldiak antolatu ditu udarako. Ekainaren 22an hasi zuten eskaintza, eta irailaren 7an egingo dute azkena, barikuro eta doan.
Aurten, guztira, hamabi irtenaldi egingo dituzte: ekainaren 22an egin zuten lehena eta gaur egingo dute bigarrena. Uztailean jarraituko dute: 6an, 13an, 20an eta 27an. Abuztuko bariku guztietan (3an, 10ean, 17an, 24an eta 31n) bilduko dira eta baita iraileko lehen barikuan.
Irteera horiek guztiak 10:00etan hasiko dituzte Urdaibai Bird Centerren, eta bi orduko iraupena izango dute. Zentroak jakitera eman duenez, aurten, Oka ibaiaren eskuineko aldetik egingo dituzte irteerak, «arrano arrantzaleak baldintza hoberenetan behatu ahal izateko aukera hobea dagoelako».
Ibilbidean, arrano arrantzaleak ikusteko aukera izango da, baina, horrez gain, paisaia, arranoen bizilekua eta espazioa partekatzen duten hegaztiak ikusteko beta ere izango dute bisitariek.
Gehienez, irteera bakoitzean hamar lagunentzako lekua egongo dela azaldu du Urdaibai?Bird Centerrek; hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretiaz izena ematea 699 83 92 02 telefonora deituta.