Urdaibaiko txakolinen dastaketa egingo dute Foruan, domekan
Busturialdeko txakolinak dastatzeko aukera eskainiko du beste urte batez, Muinogorri Elkarteak.
Sommelierrak 11:00etatik 12:00etara egongo dira ardoak probatzen. 12:00etatik aurrera, gura duenak hurbildu ahalko du elkartera, eta txakolina eta pintxoak doan emango dituzte. Antolatzaileen berbetan, urtero-urtero 600-700 pintxo artean prestatzen dituzte.
Lau sommelierrek izango dute txakolinak epaitzeko ardura, tartean Jon Andoni Rementeria eta Bittor San Migel gernikarrek. Horiekaz batera, Javier Calzada eta Roberto Gonzalez ariko dira epaimahai lanetan. Guztiak ere mota honetako Bizkaiko lehiaketetan esperientzia handiko adituak dira.
22. aldiz egingo dute txakolin lehiaketa, eta eskualdeko dozena bat ekoizleren produktuak dastatzeko aukera eskainiko du. Aurreko urteetan ez bezala, aurten denak txakolin zuriak izango direla jakitera eman dute antolatzaileek: “21 urtez txakolin gorria eta zuria izan ditugu, baina, oraingo honetan txakolin zuriak egongo dira bakarrik”.