Gema Intxaustiren ibilbide artistikoa saritu du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen Gure Artea sarietako ibilbide artistikoaren saria jaso du aurten Gema Intxausti gernikarrak. Artistaren lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, «egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei ...
Laurogeita hamarreko hamarkadatik aritu da bakarkako zein taldeko erakusketak egiten gernikarra, eta horietan erakutsitako ibilbide sendo eta berritzailea saritu dute Gure Artea sarietako epaimahaikideek: «Lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko erabakia da bere ezaugarri nagusietako bat, eta horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa».
Horrez gain, Intxaustiren «ibilbide koherentea» azpimarratu dute epaimahaikideek, «bere lanak ekarpen garrantzitsua egin diolako ikusizko euskal sorkuntza garaikideari».
Joera igarokorretatik aldendutako lanak egiten ditu Intxaustik, bizitza duinari, inkomunikazioari, nortasunari, oinazeari eta plazerrari buruzkoak. Material iragankorrak eta muntatze teknika ezberdinak erabiltzen ditu, «kultura herrikoiaren eta goi mailako kulturaren erreferentziak, eta mundu sexuatu baten egunerokotasunaren bizipenak artikulatuz».
Sarituak
Gema Intxaustigaz batera, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea saritu zituzten astelehenean. Sorkuntza Lana Aitortzeko saria eman zioten Erlea Manerosi, eta Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria izan zen Bulegoa z/b taldearentzat; Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Bergarak osatzen dute taldea.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak banatu zituen Donostiako San Telmo Museoan Gure Artea sariak, eta Euskadin arte plastikoetan egiten den lana ezagunagoa izateko sariak «funtsezkoak» direla aitortu zuen: «Artisten lan bikaina saritzea da gure helburua, eta halaber, lan hori ezagutaraztea. Sortzaile hauen guztien lana ezagunago egin nahi dugu; publikoari erakutsi nahi diogu arlo honetan Euskadin dagoen talentu azpimarragarria zelakoa den».