Zentsura frankistaren eragina azaleratzeagatik omendu dute Joan Mari Torrealdai
Zentsura eta literatura: Memoria eztabaidatuak nazioarteko biltzarra ospatu zuten joan den astean, eta EHUko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldekoek omendu zuten Joan Mari Torrealdai idazle eta euskaltzain forutarra.
Biltzarra Donostiako Miramar jauregian egin zen, eta jardunaldiaren ardatz nagusia literatura izan zen, baina zentsurak eragindako ondorioei ere arreta handia eskaini zioten kongresuan. Andres Urrutia euskaltzainburua izan zen ekitaldiaren aurkezpena egiteko arduraduna, eta nabarmendu zuenez, Torrealdairi omenaldia egiteko “marko ezin aproposagoa” izan zen zentsura eta literaturaren inguruko biltzarra.
Urrutiaren berbetan, zentsurari “hurbiletik so egin dion” ikerlari euskalduna da forutarra, “euskaraz eta euskararen erabileraren ondorioz sorturiko emaitzen zentsura” izanik Torrealdairen helburu nagusienetakoa. Biltzarrean idazlea goraipatua izateko “meritua” hortik datorrela esan zuen euskaltzainburuak, eta euskal kulturgintzan izandako “zentsuraren eragina” Torrealdaik “sakonen” ikertu duela.
Torrealdaik argi utzi nahi izan zuen zentsura frankista “aparatu oso bat” izan zela, baina gaur egun jasaten dugun zentsura desberdina, “likidoa” dela argitu zuen idazle forutarrak: “Birus mutante” bezala izendatu zuen zentsura, “era guztietako formak” hartzen dituena. Frankismoko urteak atzean utzi ondoren, herritarrei “beraien memoria itzultzeko garaia” heltzean horiek alde batera utzi zirela adierazi zuen, “desmemoria programatu” batean sartuz, urteak igaro ondoren “deskubritu” behar izan zen memoria.