Busturialdeko Ur Partzuergoko Batzorde Batearazleak Bilbao Bizkaiako Ur Partzuegoan sartu nahi duten herriei
izapideekin hasteko aukera eman die. Hori horrela, batzordeko gehiengoak Bilbao Bizkaian sartzeko izapideekin hastea erabaki du; sei baiezko botogaz, eta bakarragaz kontra (Bermeoko ordezkariarena).
Horren aurrean,
EH Bilduk salatu du EAJk Busturialdeko Ur Partzuergoaren
integratzeko prozesua hasi duela, “interes ekonomikoei bakarrik begiratuta eta ez herritarren interesei erreparatuz”. Hala,
EAJri bere posizioa berraztertzeko eskatu dio. Koalizioak azaldu duenez, erabakiak Busturialdeko eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoen “estatutuen aurka” egiten du. Izan ere, horietan zehazten da
udalen plenoei dagokiela integrazioari buruzko erabakiak hartzea. “Gainera udalen idazkariei dagokie behar diren txostenak plazaratzea partzuergoari bideratutako udal ondasunen etorkizunaren inguruan”.
BUPeko Batzorde Batearazleak uraren kudeaketa erakunde publiko batek burutu behar duela adierazi du; betiere, erakunde horrek beharrezko ahalmen tekniko eta ekonomikoak dituela bermatuta. Gainera, udalerriak direla ur horniketaren, estolderiaren eta ur zikinen lanketaren arduradunak gogoratu du batzordeak. Eta horrek, “udalerriei erabakitzeko ahalmena” ematen dietela esan du. Gaur egun, hamasei udalerri daude Busturialdeko Ur Partzuergoaren barnean, 44.649 biztanlegaz hain zuzen.
BUPen Batzorde Batearazlearen arabera, Busturialdeko Ur Partzuergoak
arazo larriak ditu: “Urtero 6 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen du, eta horietatik %16 zuzentzen ditu inbertsioetara”. Baliabide horiek azpiegituren mantenua egiteko, eta konponketetarako ez direla “nahikoa” esan du batzordeak, “ezta onartzeko dauden eta beharrezkoak diren azpiegiturak ordaintzeko ere”.
Arazoak. Hori arrazoitzeko, lau puntu zehaztu ditu BUPko batzordeak. Horniketan Urdaibaiko arroa uran defizitarioa dela egiaztatuta dagoela azaldu du, eta eskualdeko mugez kanpoko baliabideak behar dituela gehitu. Horrek, gainera, ur emariak ez betetzea suposatzen duela aitortu dute, uraren kostua igoz. Ur saneamentuari erreparatuz, ur zikinen lanketarako araudia ez betetzeagatik Europako zehapen espedienteari itxaroten daudela azaldu dute, eta arazo guztiak kontuan hartuta “hiri planifikazio eza” ematen dela azaldu: “Eskumedun erakundeek edonolako hiri planifikazio berrien aurrean txarrerako informazioa ematen dute, ur baliabide nahikoa ez dauzkagula justifikatuta”.
Arazo horien aurrean
justifikatuta ikusten du Busturialdeko Ur Partzuergoko Batzorde Betearazleak Bilbao Bizkaian sartzea; “irabazi asmorik gabeko” Erakunde Publikoa dela arrazoituta. Izan ere, batzordearen berbetan, bertan sartzean lortzen diren abantailez gain, elkarrekin lurralde mailako “inbertsioak egiteko aukera” egongo da.
EH Bilduren ustez, ostera,
integrazioak pribatizazioa “arindu besterik ez luke egingo”. Hala, bulegoak eta lanpostuak Busturialdean geratzeko “modelo baten alde” egitea eskatu dio EAJri. “Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeaketa publikoa %100 bermatu du, eta bere baliabideekin eta lanpostu publikoekin bideragarria dela frogatu du”.