Bermeoko Udalak Sollubeko errepidea konpontzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordeak azaldu duenez, “premiazkoa da Bermeok tunelak izatea herritarren mugikortasuna hobetzeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko”.
Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Sollubeko tunelak egitea eskatu zion azken Osoko Bilkuran, eta Ibarrolazaren berbetan “Bizkaiko Foru Aldundiak eskaera hori aintzat hartzea eta ahalik eta arinen tunelak egitea” espero dute, baina, horrez gain, Sollubeko errepidearen egoera konpontzea “ezinbestekoa” dela azpimarratu du alkateordeak, “egoera txarrean” baitago, eta hori egitea “segurtasuna bermatzeko derrigorrezkoa” deritzo.
Ildo horretan, adierazi duenez, Bermeoko Udal Gobernuak eskaera bat bidali dio Bizkaiko Foru Aldundiari eta, bertan, Sollubeko tunelak egiteaz gain, Sollubeko errepidean premiazko konponketak egiteko eskatzen dio.
Alkateordeak azaldu duenez, “Sollubeko errepidea pertsona askok erabiltzen dute egunero, batez ere bermeotarrek”, eta hortaz, “erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa da errepidearen egoera konpontzea”, gaineratu du. “Tunelak egitea ezinbestekoa” dela eta era berean, egungo errepidea egoera egokian mantentzea “beharrezkoa” dela aldarrikatu du Ibarrolazak, “hainbat auzo eta baserrietako bidea baita”.
Guzti horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko Udalak egindako eskaera “aintzat hartzea” eskatu du. Hori dela eta, “ahalik eta arinen Sollubeko errepidea konpontzea” espero du alkateordeak, bermeotarren eta errepide horren “erabiltzaile guztien segurtasuna jokoan” dagoela nabarmendu du.