Gema Intxaustiren ibilbide artistikoa saritu du Jaurlaritzak
Jaurlaritzak banatutako Gure Artea sarietako ibilbide artistikoaren saria jaso du Gema Intxausti gernikarrak. Artistaren lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” lortu du aipamena.
Laurogeita hamarreko hamarkadatik aritu da bakarkako zein taldeko erakusketak egiten gernikarra, eta horietan erakutsitako ibilbide sendo eta berritzailea saritu dute Gure Artea sarietako epaimahaikideek: “Lan artistiko geldoa eta lasaia garatzeko erabakia da bere ezaugarri nagusietako bat, eta horrek baldintzatu du etenik izan ez duen gai garrantzitsuen inguruko hausnarketa”.
Horrez gain, Intxaustiren “ibilbide koherentea” azpimarratu dute epaimahaikideek, “bere lanak ekarpen garrantzitsua egin diolako ikusizko euskal sorkuntza garaikideari”. Izan ere, joera igarokorretatik aldendutako lanak egiten ditu Intxaustik, bizitza duinari, inkomunikazioari, nortasunari, oinazeari eta plazerrari buruzkoak. Material iragankorrak eta muntatze teknika ezberdinak erabiltzen ditu, “kultura herrikoiaren eta goi mailako kulturaren erreferentziak, eta mundu sexuatu baten egunerokotasunaren bizipenak artikulatuz”.
Gure Artea sariak. Gema Intxaustigaz batera, Erlea Maneros eta Bulegoa z/b taldea saritu zituzten atzo. Sorkuntza Lana Aitortzeko saria eman zioten Erlea Manerosi, eta Arte Plastiko eta Ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria izan zen Bulegoa z/b taldearentzako; Beatriz Caviak, Isabel de Naveranek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak osatzen dute taldea.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak banatu zituen atzo Donostiako San Telmo Museoan Gure Artea sariak, eta Euskadin arte plastikoetan egiten den lana ikusgaiagoa izateko “funtsezkoak” direla sariak aitortu zuen: “Artisten lan bikaina saritzea da gure helburua, eta halaber, lan hori ezagutaraztea. SOrtzaile hauen lana ikusgaiago egin nahi dugu eta publikoari erakutsi nahi diogu arlo honetan Euskadin dagoen talentu azpimarragarria”.