Errekan behera sanjoanei agur esanez
Urtez urteko tradizioa mantenduz ospatu dituzte jaiak eatarrek. Sanjoanak ospatzeko bildu ziren asteburuan herritarrak, eta gaur erreka jaitsieragaz agurtuko dituzte herriko jai nagusiak.
Ohi bezala, Kaiaxarra irlaren tontorretik bota zuten txupina barikuan, eta gero, plazoletako kontzertuekin gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Tradizioari jarraiki hasi ziren jaiak berdin bukatuko dira. Izan ere, ohiko erreka jaitsieragaz agurtu dituzte gaur sanjoanak.
Egun berezietan bereziena da Erreka Eguna Ean, goizean goizetik hasten baita giroa berotzen herrian.
Ate gainean dantza eginez eman diote hasiera egunari. 12:00etan eduki dute horretarako hitzordua, eta horren ostean, dantzan jarraitu dute herritarrek; Ardoa Barrura fanfarreak girotu ditu kaleak.
Erreka Eguna, baina, ez litzateke gauza bera izango errekara sartu barik. Eta aurten ere, ez dute hitzordu horretara hutsik egin kostaldeko herri txikiko herritarrek.
Arratsaldean, berotasunetik ihes egiteko, menditik itsasoraino jaitsi dira errekako uretan murgilduta; modu horretan zeharkatu dute herria animatu direnek, eta erreka inguruko etxeetan zeuden herritarrek leihoetatik ardoa jaurti diete.
Arropa eta guzti sartu dira errekara, eta bustitakoak lehortu eta gero, K TUM K taldeak girotuko ditu herriko kaleak.