Azken urteetan bezala, eguazten iluntzeak bereziak izango dira Astran; musika izango baita asteazkenetako protagonista
20:00etatik aurrera.
Bihartik hasita uztailaren 25era bitartean, kontzertu bana hartuko du kulturarako fabrika sozialak.
Bihar
bertso saioak zabalduko du Astra iluntzeetako egitaraua. Besteren artean, Oihana Bartra, Igor Elorza eta Eneko Aldana bertsolariak izango dira Lilibertso taldeak antolatutako iluntzean.
Uztailaren 4an
pailazoak igoko dira oholtza gainera, eta umorez, bertaratutakoak dibertitzeko asmoagaz ariko dira taula gainean. Urdaibaiko eskola jantokien ekimenak gonbidatu ditu pailazoak Astrara.
Uztaileko bigarren eguaztena
Kicking & Alive taldeak girotuko du. Pop rock estiloa jorratuko du Paul Omaetxebarria, Arkaitz Gaztelu, Joseba Obieta eta Patxi Goikoetxea laukoetak osatutako taldeak. Lobak eta Arkibai izan dira uztailaren 11ko iluntzea antolatzeko ardura hartu dutenak.
18ko arratsaldea berriz, Tukatukada taldeak, Biztu irratiak eta Swingtxakuk bultzatu dute, eta
Mirian Inza sortzaileak musikatuko du Astrako terraza.
Uda honetako bosgarren eta azken emanaldia Sare eta Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearen eskutik etorriko da, eta
Josu Bergara izango da Astrako oholtzara igotzen azkena. Uztailaren 25eko egun horretan gainera, tinbaleroak ariko dira herriko kaleetan zehar.
Kontzertu denak
doakoak izango dira, eta 20:00etan hasiko dira Astrako kanpoaldean. Aurten ere jatekoa eta edatekoa izango da Astra iluntzeetan.