Herriko jai nagusiak diren sanisidroen ostean iritsiko dira asteburuan sanpelaioak Arratzuko Belendiz auzora. Ohiko jarduerak izango dituzte aukeran herritarrek, eta, beraz, jatekorik, musikarik eta kirolik ez da faltako auzoan. Pelaio Deunaren eguna datorren martitzena bada ere, motorrak berotzeko aitzakiarik ez da faltako Belendizen.
Arrakasta berezia izaten du auzotarren artean txapel jaurtiketak; ume, gazte zein helduek txapela nok urrunen jaurti lehiatzen dute. Bihar izango dute horretarako aukera umeek, eta etzi, aldiz, gainontzekoek. Txakolin eta sagardo dastaketak ere ez du hutsik egingo aurten, eta, ohi legez, bertsolarien konpainiaz gozatu ahalko da bitartean.
Aurten, gainera, bosgarren paella txapelketa lehiatuko dute, eta, ondoren, herri bazkarian elkartuko dira bertaratutakoak. Hori bihar izango da. Pelaio Deunaren egunean meza eta ondorengo hamaiketakoa izango dira aukeran.