Euskaraldiaren “11 egun euskaraz” ekimenean parte hartuko duten
30 taldeetako 11koak aurkeztuko dituzte zapatuan 21:00etan Gernika-Lumoko San Juan Ibarran. San Juan sua pizteagaz batera,
euskararen sua pizteko bat egingo dute herriko eskola, enpresa, elkarte eta erakundeek; parte hartzaileen argazki erraldoia aterako dute bertan.

Berbalaguneko 11ko bat. Argazkia: Berbalagun
Martxoan aurkeztu zuten Gernika-Lumoko “11 egun euskaraz” ekimenari lotutako dinamika, eta dagoeneko
ekimena beste “etapa” batean dagoela adierazi dute arduradunek.
Denetariko 11koak osatu dituzte Gernika-Lumoko herritarrek. Izan ere, irakaskuntzagaz loturiko zazpi talde osatu dituzte, eta lan munduko enpresekin zerikusia duten bederatzi. Sindikatu eta alderdi politikoek aldiz, hiru talde sortu dituzte, eta herriko elkarteek hamar.
Hori horrela, 29 talde bete dituzte Gernika-Lumon, baina, sorpresazko 11ko bat ere aurkeztuko dute. Marisa Aldamizetxebarria udalerriko euskara zinegotziak,
guztien “elkarlana” azpimarratu du: “Alde eta pentsamendu ezberdinetako talde, norbanako eta alderdi politikoak euskara bultzatzeko batu dira, bestelako interesik gabe”. Euskara bultzatzea dela guztien asmoa esan du, eta 30 talde sortzea “esanguratsua” dela adierazi du.
Aurkezpena eta gero, argazki erraldoia aterako dutela jakinarazi dute, “herriko euskaraldiaren zutabe sendoa ikusgai jartzeko”. Hala, euskaraldiko ekimenean herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute arduradunek, “Euskaraldiaren suari argitasuna eta indarra emateko”.