Oraindik ere gertatzen ari delako
GerraARTEan proiektua landu dute Ispasterko Eskolan azken hiruhilekoan. Horretan oinarrituta, antzezlana eta erakusketa sortu, eta herritarrei aurkeztu dizkiete, Iñigo Egiluzen.Errefuxiatuak eta 36ko gerra. GerraARTEan proiektua landu dute Ispasterko ...
GerraARTEan proiektua landu dute Ispasterko Eskolan azken hiruhilekoan. Horretan oinarrituta, antzezlana eta erakusketa sortu, eta herritarrei aurkeztu dizkiete, Iñigo Egiluzen.
Errefuxiatuak eta 36ko gerra. GerraARTEan proiektua landu dute Ispasterko Eskolan ikasturteko azken hiruhilekoan. Eta proiektu horren emaitza dira bariku arratsaldean Iñigo Egiluz aretoan eskainitako 1936ko gerra ikasleek kontatuta antzezlana eta asteburuan ikusgai egon den GerraARTEan erakusketa.36ko gerra eta egungo Siria, Palestina eta beste hainbat herrialdeetako gerrak batu dituzte kulturaren bidez. Memoria historikoa lantzeko proiektu aberasgarria izan da. Gaia barneratu eta ikasitako guztia erakutsi dute. Picasso, Shiota, Banksy, Nizar Ali eta Bard bezalako arte garaikideko artistak zein Chillida, Nestor Basterretxea eta Oteiza euskal artisten lanak ezagutzeko baliatu dute euren lana.
Picassoren Guernica koadroaren erreplika ere egin dute; hiru metro pasatxoko artelan koloretsua sortu dute, Haur Hezkuntzako umeetatik hasi eta LHko 6. mailako ikasleetara arte. Teknika eta material desberdinekin egin dute, dotore.
Gara Garagarza irakasleak azaldu duenez, eskolan proiektuka lan egiten dute; ez dute testulibururik erabiltzen, eta horrela, ikasleek ikasgaiak hobeto ulertzen, barneratzen eta ikasten dituztela azpimarratu du: «Proiektu bakarrean arlo pila bat lantzen dira. Hori da etorkizuna. Umeek pila bat ikasten dute ondo pasatzen duten bitartean. Hiztegi asko ikasi dute; 36ko gerran adituak dira orain. Harrigarria da; sekulako lana egin dute».
Bakea aldarrikatzen
Memoria historikoa lantzea izan da helburua, Euskal Herriko zenbait gertaera historiko ikastea, «modu ludikoan». Bakearen aldarria ere bada euren sormen lana. «Bakean bizi nahi dugu» esanez amaitzen da antzezlana: «Ikusi dute 36ko gerran zer gertatu zen hemen, eta zer ari den gertatzen gaur egun. Ikusi dute lehen gertatu zena errepikatzen ari dela orain». Errepikatzerik ez dutela nahi helarazi dute. «Halako sarraskietan, normalean kulparik ez dutenak eta gerran sartu ez nahi dutenak izaten dira kaltetuak: umeak eta emakumeak».
Andoni Egañaren 1936ko gerra umeei kontatuta liburuan oinarrituta egin dute antzerkiaren gidoia, eta 9-10 urteko umeek antzeztu dute. Gerraren gogortasuna azaltzen du antzezlanak. Egiazkoa bezain gordina.
1936ko hauteskundeak, Franco Afrikan zegoela Mola Generalagaz izandako telefono bidezko elkarrizketa, Gernikako bonbardaketa, gudarien fusilatzeak, Picasso Guernica koadroa margotzen… Hamar esketxetan hamaika kontu sartu dituzte, Euskal Herriko historiaren zati garrantzitsu baten errelatoa laburbilduz. Horrela, esaterako, hauteskundeetan botoa ematea zer den ikusi dute, edota fusilatu ostean areketan lurperatu zituzten gudarien edota Gernikako bonbardaketan merkatuan zeuden herritarren azalean sartu dira. Besteak beste, sarraski hartan hildako ume guztien zerrenda irakurri dute, eta Agirre lehendakariak Euskadi Irratian eman zuen hitzaldia sartu dute.
Gernikako bonbardaketa
Errefuxiatuen gaia pil-pilean dagoen honetan, asko ikasi dute. Halaber, Gernikako Bonbarkaketa lekuan bertan lantzeko aukera ere izan dute ikasturteko azken hiruhileko honetan, eta besteak beste, Bakearen Museoa bisitatzeaz gain, bunkerretan sartu eta sirena hotsa entzunda garai hartako arbasoen azalean sartu ziren une batez. «Proiektua oso konpletua egin dugu. Ondo atera zaigu. Normalean umeei heriotza, gerra eta sexua bezalako gaiak ezkutatzen zaizkie. Guk esan nahi dugu gai horrek atera egin behar direla txiki-txikitatik. Beste modu batean, eurei egokituta, eurek ulertzeko moduan, baina azaldu egin behar zaizkie. Umeek guk pentsatzen duguna baino gehiago dakite».
Iragana eta oraina, bi garaiak uztartzea izan da helburuetako bat. Gauzak gertatu zirela, gertatzen ari direla eta berriro gertatu litezkeela azaleratzea. «Eurek galdetzen digute ‘berriro etorriko da gerra?’, eta erantzuten diegu, ‘zuek ez baduzue nahi ez’. Beraiek dira etorkizuna». Hala, eskolan dituzten «gatazka txikiei» buruz hausnartzeko ere balio izan die proiektu honek. «Gerrak konflikto txikietatik hasten dira askotan, eta pilota handitzen joaten da. Elkar ez ulertzea dago horren atzean. Eta hain garrantzitsuak ez diren euren arteko gatazkak modu egokian konpondu litezkeela ulertzeko balio izan digu».