Musika Egunak kontzertuak ekarriko ditu San Juan Ibarrara, bihar
Bihar musikaren eguna ospatzen dela aitzaki hartuta, musikak girotuko du Gernika-Lumoko San Juan Ibarra. Segundo Olaeta musika eskolako ikasleek hainbat kontzertu eskainiko dituzte arratsaldean, eta bi saiotan banatuko dute emanaldia; lehenengoa 20:00etan izango da, eta bigarrena 22:00etan.
20:00etan musika eskolako koruko ikasleek hasiko dute saioa, eta zazpi eta hamabi urte bitarteko 170 gazte igoko dira oholtzara. Gainera, gazteak ez dira bakarrik ariko, konboekin abestuko dute eta. Guztiek batera, pop-rockeko kanta ospetsuak abestuz, San Juan Ibarra girotuko dute. Koruaren abestiak gaurkotzeko helburuagaz joan den ikasturtean abiarazi zuten elkarlana koru eta konboek, eta bihar, oholtza gainean erakutsiko dute ikasitakoa.
Lehenenego emanaldia bukatuta eta atseden hartuta, 22:00etan konboak bueltatuko dira, eta rockak girotuko du plaza. Amy Winehouse, REM, Dover, Governors eta Evanescence bezalako taldeen abestiak joko dituzte ikasleek.
Musika Egunagaz amaitzeko SOME Rockers gazteen musika talde berria ariko da. 14 urtetik gorako ikasleek sortu dute taldea, eta korua eta konboak batzen ditu. Koruak laguntzaile lanak betetzen ditu taldean, konboetako abeslariari lagun eginez. 1950. urtetik hasita, hamarkada bakoitzeko pop-rock abesti bat joko dute SOME Rockers taldekoek, estilo horren bilakaera entzuteko.