Bederatzigarrenez, munduko arrozak jaialdia egingo dute Gernika-Lumon.
Ekainaren 30ean, zapatuz, egingo dute aurten kulturarteko festa, eta herritarrei parte hartzeko deia egin die antolatzaileek.
Bultzatzaileek, munduko arrozen bueltan jatorri ezberdineko gernikarrak batu gura dituzte Pasealekuan, herritarrak Gernika-Lumoko eta herriko
auzoetako aniztasunaz jabetzeko helburuagaz. Hartu emanak bultzatu asmoz antolatzen dute urtero topaketa gastronomikoa.
Munduko Arrozak aurkezpena
Arrozen
txapelketa da antolatzen dutena, eta parte hartzen duen kuadrilla bakoitzak arrozagaz egindako plater bat aurkeztu beharko du. Gero, jatorri ezberdineko gernikarrek osatutako epaimahaiak aukeratuko du denen artean zein den “munduko arrozik onena”. Taldekoentzako behar den baino kantitate gehiago egiteko eskatu dute antolatzaileek, “horrela, nahi dutenek besteen errezetak dastatzeko aukera izango dute”.
Parte hartu gura dutenek info@gernikagogoratuz.org helbidera
mezua bidali beharko dute, izena, kontaktua eta pertsona kopurua zehaztuta. Horretarako azken eguna ekainaren 26a izango da, eta pertsonako euro bat eskatzen dute, antolakuntza gastuei aurre egiteko. Taldea osotzerik ez dutenek antolatzaileekin harremanetan jar daitezke, beste talderen batean parte hartu ahal izateko.
Mahaiak eta aulkiak antolatzaileek jarriko dituzte, eta parte hartzaileek eskura edukiko dituzte arroz ekologikoa eta birziklatzeko platerak, azken horiek euro bat ordainduta.
Animazio kulturala. Jaialdia girotzeko,bertsoak, kantak, dantzak eta musika egongo dira zapatuan Pasealekuan. Aurten gainera, asteburuan zehar, Save the Childrenek antolatutako Giza Liburutegia egingo dute Pasealekuan. Ekimen horretan, emigranteen testigantzak entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Zapatuko egitaraua:
- 10:00: Parte hartzeko izen ematea.
- 12:00-14:30: Giza Liburutegia
- 13:00: Sigi Saga Dantza taldea. Euskal dantzak dantzatuko dituzte.
- 14:00: Miorita Dantza taldea. Errumaniako dantzak egingo dituzte.
- 14:30: Arrozen aurkezpena eta herri bazkaria.
- 16:30: Denetariko abestiak, dantzak eta musika Afrika Ruge taldeagaz.
- 18:00-20:30: Giza Liburutegia.
Giza Liburutegia gainera, barikuan 18:00etatik 20:30era, eta domekan 12:00etatik 14:30era ere egongo da Pasealekuan.