Gernikako bonbardaketaren lekuko izandako Julio Onaindia hil da
Gernika-Lumon jaio zen Onaindia, eta 1937. urteko apirilaren 26an udalerriak jasandako bonbardaketaren lekukoa izan zen. Gaztea zela bizi izan zuen ezbeharra Julio Onaindia Landetak, eta gaur, 94 urtegaz hil da.
Euskal Herriko askatasunaren defendatzaile nekaezin bezala ezagutua izan da. Besteak beste, pilotaria izan zen Onaindia. 11 neba-arrebetatik zortzigarrena izan zen, eta horietako hainbat anai kirolariak izan ziren. Bere anaia Seberino borroka libreko borrokalaria izan zen, Dioni bere sasoiko pilotari onenetarikoa, eta Julio bera ere, garaiko pilotari onenekin lehiatu zen lesioengatik pilota utzi zuen arte.
Soldadutzatik bueltatuta hasi zen pilotan jokatzen, eta hamalau urte zituela 36ko Gerraren sasoian, pilotan herririk herri aritzeko aukera izan zuen. Profesional modura aritu zen eta Durangoko frontoia berak eta Gallastegik estreinatu zuten.
1937ko apirilaren 26an, bonbardaketa eguenan, Nabarnizen babestu ziren Onaindia eta bere familiakoak. Nabarnizera bidean, baina, bere anaia nagusia preso hartu zuten. Erasoaren ostean, herriko hainbat familia hartu zituzten beraienean, etxea zutik mantendu baitzitzaien. Beraien etxean jende askok hartu zuen aterpe, gehienek etxea galdu zuten-eta.
1951. urtean Geltoki plazan autoentzako ordezko piezak eta bestelakoak zituen denda hartu zuen, eta negozioak zirela eta, herriko lehenengotariko telefono eta kotxeak beraienean izan ziren. Horrez gain, Gernika-Lumoko hainbat ezizenen bilduma egin zuen Onaindiak.