Asteburuan zentroko jarduera berrien
proba pilotua egingo dute. Bihar, goizeko
9:00etatik gabeko 11:00etara ateak irekita izango ditu zentroak, eta domekan,
9:00etatik 15:00etara arte. Berritasunen artean,
Scape Room bat eta tirolina daude.
Gaur egun, Mundakako itsasadarraren ondoan dagoen esparrua Udalekuen eta SESZ/CEEP eta JAGON hezkuntza-programen egoitza da, eta 4500 neska-mutil baino gehiago baliatzen dira urtero jarduera hauetaz.
Zentroan bertan egindako proiektuaren aurkezpenean Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia, Adonai Gomez BBK Urdaibai proiektuko arduraduna eta Ainhoa Elortegi zentroko arduraduna izan dira. Azaldu dutenez, zentroa “Bizkaia osora irekitzea” bilatzen dute, jarduera berriak eskainiz bai ume zein nagusientzat. Jarduera horiekin zentroa
“leku erakargarria” bilakatu nahi dute, kirol-jarduerak eginez eta belaunaldien arteko “aisialdia, ohitura osasungarriak garatu eta balioak” transmititzeko helburuagaz.
Busturian dagoen zentrorako prestatu duten proiektua ingurumenarekiko begirunetsua da, eta bere helburu nagusia zentroaren jarduera
jende guztiarentzat izatea da, “aisialdi aktibo, konstruktibo eta hezigarrirako jarduera berriak eskainiz”, zentroak bere eremuan dituen 8 hektareatan. Horrela,
ingurune pribilegiatu batean guztientzat izango den
instalazio-multzoa sortu nahi dute,
aire zabaleko hainbat jardueragaz.
Gorka Martinez, Adonai Gomez eta Ainhoa Elortegi, proiektuaren aurkezpenean.
Denontzako jarduerak. Bertan
globo arestostatiko batera igo eta Urdaibaiko biosfera osoa ikusteko izateko aukera edukiko da, baita zuhaitzetatik esekitako etxeak
errealitate birtual bidez ikusteko ere, aisialdirako gune hau teknologia berriei irekiz. Ohe elastiko, surf eta arraunketa birtualerako gune bat ere izango da, tirolinan eta rokodromoan aritzeko aukeragaz batera.
Berrikuntza nagusietako bat
Scape Room-a egitea izango da, “Euskal Herria” gaiaren inguruan lan kooperatiboa sustatu. Hemen eztabaida-guneak eta erabakiak hartzeko guneak sortuko dira, hizkuntza-komunikazio, matematika, ezagutza, eta norberaren autonomia edo ekimenari buruzko gaitasunak landuz.
Balio Anizkuneko Gune bat izango ere izango da BBK Urdaibai zentroan, non
6D zinema-areto bat egongo den, esperientzia izugarriak bizitzeko. Gune berri honetan gastrobar bat ere egongo da, baita tailerrak eta erakusketak egiteko lekua ere. Zerbitzu berri hauek
egun bateko edo asteburuko jardunaldietan eskainiko dira, eta elkarteei edo gizarte, kultura eta kirol arloetako erakundeei zuzenduta egongo dira, baita familiei eta jende guztiari ere.
Proiektua datorren urtean hastea aurreikusten dute arduradunek.
BBK CUP lehiaketaren finalak. Proiektuaren proba pilotuari hasiera emateaz gain, bihar kimu kategoriako BBK CUP futbol lehiaketaren finalak ospatuko dira zentroan. Bizkaiko hamabost taldetako gaztetxoak Busturian izango dira gaurtik aurrera futbolean jolasteko eta elkarrekin bizitzeko Txapeldunen Azken Festa Handian. Jokalariak eta horien familiak izango dira instalazio berriak erabiliko dituzten lehenak, eta jardunaldi hauek balioko dute dagoeneko instalaturik dauden jolasak probatzeko, eta instalazio batzuek behin-behineko izaera dutenez, jendearentzat behin betiko ireki bitartean hobekuntza-neurriak ezarriko dira.