Ekainaren 9an Lore dantza taldekoen eskutik hasitako
Gorpuzti jaiak ospatu zituzten zapatuan, Ibarrangelun.
Paella txapelketa eta pilota partidua izan ziren zapatuko protagonista nagusiak, eta adin guztietako herritarren parte hartze zabalagaz igaro zen jaien bigarren asteburua.
Goizetik berotu zuten giroa herritarrek, eta eguerdian bere horretan jarraitu zuen giroak paella txapelketan.
14 paella aurkeztu zituzten ibarrangelutarrek, eta “Bertokoak” taldea izan zen gozoena egin zuena.
Gero, Beti Galdu taldeagaz tabernaz taberna aritu ziren kantari herritarrak, eta “gustuko giroa” sortu zela azaldu dute antolatzaileek.
Pilota partidua jokatu zuten zapatuan, Ibarrangeluko frontoian. Argazkia: Unai Iglesias
Arratsaldean, berriz, pilota partidua ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Titin III.ak Arrizabalaga gernikar gazteagaz jokatu zuen, eta
22-21 irabazi zien Uriona eta Uriondori. Azken momentura arte erabaki ez zen partidua izan zen zapatukoa. 21-14 irabazten ibili ostean, urdinek 21era berdindu zuten, baina, azken puntua gorrientzako izan zen.
Hileko azken asteburuan herriko auzoetan barrena
ibilaldia egingo dute, jaiak kirola egin eta osasuntsu amaitzeko.