Izaro Bikers Bermeo taldeak bere hamar urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzekotan
ekainaren 15, 16 eta 17ko asteburuan jaialdi “berezi” bat egiteko asmoa adierazi dute.
Kontzentrazioaren aurkezpenean Aingeru Astui Bermeoko Kultura zinegotzia izan da, Jon Arana Izaro Bikers Bermeo taldeko presidentearekin eta motorzale elkarteko kideekin batera.
Izaro Bikers taldeko kideak, Aingeru Astuirekin batera kontzentrazioaren aurkezpenean.
Aranak esan duenez, taldearen 10. urteurrenagaz batera “Magurios
Bizkaiko kontzentrazio garrantzitsuenetariko bat bezala” finkatzea bilatuko dute. Hori lortzeko
“kanpoko jendea erakarri” nahi dute, beraien ilusioa “leku askotako motorzaleak erakartzea” dela adieraziz, kontuan hartuta aurreko edizioetan “Balentzia, Asturias, Extremadura edota Alacanteko motorzaleak etorri direla”.
IX. Magurios Motorren Kontzentrazioa barikuan,
20:30ean hasiko da, Pergolan. Kanpalekua jarriko dute bertan antolatzaileek, dohainik, eta jaialdiari hasiera emateko txosna gunea irekiko dute, baita berakatz-zopa eskaini ere.
Nola ez, motorzaleen festa batek ez dauka izateko arrazoirik
motorren irteerarik egin gabe, eta horiek zapatuan, 11:30ean, eta domekan, 11:00etan, egingo dituzte. Zapatuan ibilbidea Urdaibaitik egiteko asmoa adierazi dute motorzale taldekoek, eta domekan, Bakiotik. Parte hartzeko
izena eman beharko da lehenago, eta hori egiteko aukera asteburu osoan zehar egongo da.
Asteburu osoarengatik
20 euro ordaindu beharko dira, eta egun bakarrarengatik
12 euro. Kontzentraziora etortzeko 200 kilometro baino gehiago egin beharko dituzten gidariek prezio berezia izango dutela azaldu du Aranak, 10 euro ordainduz asteburu osorako. Prezioaren barne honakoak sartzen direla argitu dute taldekoek: ongi etorriko berakatz-zopa, asteburuko bazkari eta afariak, dutxa zerbitzua, zozketak eta motorrentzako zaindutako aparkalekua.
Esan bezala, aurtengo kontzentrazioa apartekoa izatea nahi dute, eta horretarako hainbat “ikuskizun berezi” eskainiko dituzte jaialdiak iraungo duen egunetan zehar: musika aldetik, zapatuan
Celtas Cortos folk rock talde ospetsuaren kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute hurbiltzen direnek, eta ondoren
Oihan Vega DJaren soinuek girotuko dute gaua. Aranak eta Astuik zapatuan “giro ederra eta musikarekin gozatzeko aukera paregabea” izango dela azpimarratu dute.
Zapatuan eta domekan, Emilio Zamora
stuntman-a izango da jaialdian, eta zinemaren munduko espezialistak erakusketa ikusgarria eskainiko du. Zamora Ducatiko stunt talde ofizialaren kidea da 2005etik, eta Izaro Bikerseko kideen ustetan, “gaur egun dagoen
stuntman-ik hoberena da, bi Guinness marka dituen bakarra”.
Ekimen hauekin kontzentrazioan “motorren munduarekin, kontzertuekin eta giro izugarriarekin gozateko aukera paregabea” egongo dela azpimarratu du Astuik, eta mundu guztia gonbidatu nahi izan du Maguriosera etor dadin. “Itsas munduak, motor munduak eta bisitatzera etorri nahi duten guztiek asteburu honetan Bermeon elkarbizitzea” nahi dutela gaineratu du zinegotziak.
Hamar urte. Bermeoko Izaro Bikers taldea 2008an sortu zen, eta gaur egun
168 bazkidek osatzen dute elkartea. Motorzale horien helburua motorrean ibiltzeko zaletasuna bultzatzea da, eta ahal duten heinean, Bermeoko Udalari zein elkarteei laguntzea. Hori dela eta, Kultura zinegotziak bere eskerrona adierazi nahi izan dio taldeari, herriko hainbat ekitalditan “beti laguntzeko prest” daudela esanez.
Aranaren berbetan, Izaro bikersen helburuetako bat motorraren mundua Bermeon
“integratzea” da, errealak ez diren estereotipoak ezabatuz. Dagoeneko bederatzi urtez Magurios Motorren kontzentrazioa antolatzen eman ondoren,
500 pertsona inguru bilduz jaialdian, data hurbiltzean herriko pertsona nagusiek beti galdera bera egiten dietela adierazi du: “noiz datoz motorzaleak?”.