Ibon Urrengoetxea gogoratu dute Urbietan
Gernika Futbol Taldeak eta Athletic Club taldeak Ibon Urrengoetxea Urren omendu zuten zapatuan Urbietan jokatu zen partiduan. 2017ko abenduaren 23ko goizaldean Bilbon hil zuten futbolari ohia.
Beragaz jokatutako jokalariak batu, eta hil osteko omenaldia egin zioten. Partidua jokatu aurretik, ekitaldi “oso hunkigarria” egin zieten Urrengoetxearen senideei, eta opariz bete zituzten. Besteak beste, loreak eta kamisetak jaso zituzten.
1-0 irabazi zuten Athleticeko jokalariek gernikarren aurka, baina bertaratutakoen arteko “giroa” izan zela garrantzitsuena azpimarratu dute antolatzaileek. Bi taldeetako jokalari ohiek parte hartu zuten futbol partidan, herritarrei aintzinako idoloak ikusteko aukera emanez. Euren artean, Koikili, Iñaki Lafuente eta Jabi Gonzalez izan ziren.
Ibilbide profesionala. Urrengoetxeak bost urtez jokatu zuen bigarren B mailan. Lehenengo bi urteak Bermeoko futbol taldean, hurrengo biak Gernika futbol taldean, eta azken urtea, berriz, Lemoako taldeagaz bete zuen. Futbol munduan “oso ezaguna eta maitatua” zela adierazi dute partiduko antolatzaileek.