Herriko eta eskualdeko lekuak batzen dituen mapa turistikoa kaleratu du Gernika-Lumoko Udalak. Mapak eskualdeko
bisita turistikoak sustatzea eta erraztea ditu helburu; horretarako, udalerriko leku turistikoak agertzeaz gain, eskualdeko lekuak proposatzen ditu planoak.
Bisitak sustatzea helburu hartuta, maparen
40.000 ale kaleratu ditu udalak. Argitalpenaren aurrealdean Gernika-Lumoko 11 baliabide turistiko aipagarrienak agertzen dira; besteak beste Juntetxea, Europako Herrien Parkea, babeslekuak eta Jai Alai frontoia. Orain arteko mapa turistikoek izan ez duten
QR kodea gehitu diote mapako leku turistiko bakoitzari. Tresna horregaz, 11 lekuetako spotak ikus ditzakete bisitariek; herrian zer ikus daitekeen eta lekuak zelakoak diren erakusten dituzten
mikrobideoak dira horiek.
Atzean berriz, Urdaibaiko mapaz gain,
eskualdeko beste 11 leku nabarmentzen ditu mapa turistikoak. Horiei buruzko informazioa eta kokalekua zehazten ditu argitalpenak.
Udalaren esanetan, mapa “oso erabilgarria” da eskualdeko esparru turistikoetarako; izan ere, eskualde eta inguruko ostatu, zein jardueretan 10.000 plano baino gehiago banatzen dituztela jakinarazi du. Gainera, Bilboko turismo bulegoan ere eskura daitekeela esan du udalak.
Bi ibilbide. Argitalpenean Gernika-Lumotik abiatzen diren bi ibilbide zehazten dira, baita toki horietara iristeko kilometroak zenbat diren, eta kotxez bidaiatuta zenbateko denbora tartea dagoen ere.