Urtzi Arrondo beasaindarra izango da Gernikaren entrenatzailea
Jabi Luaces busturiarrak taldea zuzentzeari utzi (Arenas-ekin akordioa itxi du) ostean, aste honetan jakitera eman du Gernika Club-ak Urtzi Arrondo gipuzkoarra izango dela 2.B mailako entrenatzailea 2018-2019 denboraldian.
Beasaindarrak 2009an utzi zion jokalari izateari, eta bere herriko taldea zuzentzen eman ditu azken urteak (bigarren zein lehen entrenatzaile moduan).
Etapa berria hasteko ilusioz dago, eta “salto handia” izango dela zehaztu du. Entrenatzaile moduan hazten jarraitzeko aukera dela gaineratu du. “Taldera egokitzen ahalegintzen naiz beti. Lehiakortasuna eta taldeagaz konpromisoa izatea oinarrizkoak dira”.
Hain zuzen, Koldo Zabala presidenteak taldearen nortasunari eustearen garrantzia azpimarratu du, “geratu gura dutenei aukera emanda”. Momentuz, Torrealdaik eta Carracedok kontratua berritu dutela jakinarazi du klubak. Halaber, Iker Bilbao, Mikel Murgoitio, Alex Petxarroman eta Ekaitz Jimenez euren taldeetara itzuli dira; lehenengo biak Bilbao Athletic-era eta beste biak Real Sociedad Bra.