Unai Lekerikabeaskoa gernikarra izendatu berri dute Dania Jai Alaiko atzelari onena. Binakako Txapelketan
23 kiniela irabazi ditu puntista gazteak. 2015ean profesionaletan
debutatu zuenetik, zaleen zein adituen mirespena lortu du; haren jokoa sarritan nabarmendu dute AEBtako zein Euskal Herriko kantxetan jokatzen ikusi dutenek.
Lekerikaren atzetik bi gasteiztar geratu dira. 19 kiniela irabazita Alberto Ochoa
Urtaran sailkatu da bigarren, eta Mikel Amigorena hirugarren sailkatuak 15 kinielatan lortu du garaipena.
Aurrelari onena, ostea,
Erik Mendizabal mutrikuarra izan da, 28 kinielagaz; Zulaika (21 kiniela) eta Arrieta (17 kiniela) sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Mendizabal, Hiruko Koroaren errege. Bestalde, Mendizabalek bere seigarren Hiruko Koroa irabazi du. Championship denboraldian (urtarriletik maiatzera lehiatzen dute) nagusitu da bakarkako zein binakako txapelketetan.
Gainera,
114 kinielatan garaile izanda, kiniela gehien irabazi dituen puntista da. Ondorrioz, hiru tituluak lortuta, Mendizabalek seigarren Hiruko Koroa eskuratu du.
Mutrikuarrak alde handia atera die gainontzekoei. Kiniela gehien irabazi dutenen zerrendan, Mendizabalen atzetik sailkatu dira Iker Foronda arabarra eta Ruben Bailo nafarra; 97 kinielagaz berdinduta geratu dira. Laugarren Kevin Ithurria zuberotarra geratu da, 93 kinielagaz, eta Jon Zulaika donostiarra bosgarren (89).
Bakarkako Txapelketan (Singles Championship) 34 kiniela irabazita lortu du lehen postua Mutrikuko puntistak. 17 kinielagaz bigarren postuan amaitu du
Diego Beaskoetxea gernikarrak, eta Iñigo Gorostola
Arrietak, berriz, 13 kinielatan nagusitzea lortu du.
Dania Jai Alaiko pilotariak maiatzean hasi eta ekainera arte Summer Season kiniela jokatzen ari dira.
Dania Jai Alaiko puntistak.
Argazkia: Jai Alai News.