Larrinaga jauregiaren lanak ikuskatzen ari dira L.u.l.
Larrinaga jauregiko eraikinaren lanen segimenduaz arduratzen ari direla ziurtatu du Mundakako Udalak, herriko ondarearen aldeko konpromisoa aldarrikatuz.Larrinaga jauregia XIX. mendeko estilo neobarrokoko eraikina da, eta Mundakako Hiri Planeamenduaren...
Larrinaga jauregia XIX. mendeko estilo neobarrokoko eraikina da, eta Mundakako Hiri Planeamenduaren Babestu Beharreko Ondasunen Katalogoaren barnean dago. Herriko ondare arkitektoniko horren inguruko «legaltasuna eta babesa bermatzeko», Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Kulturaleko Zerbitzuari kontsulta egin zion udalak, eta aldeko txostena jaso zuen.
Udala Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Sailagaz jarri zen harremanetan, «behar den bezala jarduteko, eraikina ahal den beste babesteko eta Larrinaga jauregiko berriztatze lanen inguruan sortutako informazioen aurrean sor zitezkeen zalantzak argitzeko».
Kontsulta egin ostean, udalak jauregiaren birmoldaketa prozesuan egindako jarduera «bermatuta» ikusten du.
Udalaren konpetentziari dagokionez, Jaurlaritzaren erantzuna «aldekoa» izan dela adierazi dute, bai eraikinaren ondare eta babesaren aldetik eta baita ere lanen betekizun legalaren aldetik.
Jaurlaritzaren arabera, Larrinaga jauregia «ez dago jasota Eusko Jaurlaritzaren kultura-ondasun kalifikatu edo inbentariatuen erregistroan», eta horren ondorioz, kultura eta ondarearen eta erakinaren babesaren eskumena Mundakako Udalarena dela adierazi dute, «eta modu subsidiario batean, berriz, aldundiarena».
Gainera, aldundiko Ondare Historikoko Zerbitzuak lanen proiektuari «oniritzia» eman diola azaldu du Mundakako Udalak. Oniritzi horregaz «lanak gauzatzeko beharrezko lege baldintzak betetzen direla» ulertzen du udalak. Baldintza horien artean dago jauregiaren atzealdean kokatuta dagoen fatxadaren eraisketa, betiere etorkizunean berriro eraikitzeko ardura hartuz gero.
Aldundiak adierazi duenez, «zaharberritu behar diren elementuen osotasuna bermatu» beharra daukate.
Lurrazpiko aparkalekua
Larrinaga jauregiaren azpian 110 lekuko lurrazpiko aparkalekua eraikitzen ari dira gaur egun. Zain Dezagun Urdaibai elkartearen arabera, atzealdeko horma eraisteaz gain, jauregiaren sotoan aldaketak egin dituzte lanak egiterakoan, eta eraikina ezin dela eraitsi aldarrikatzen dute elkartekoek, «ez osorik, ez eta partzialki ere».