Urdaibaiko eskolek “jantoki eredua aldatu nahi” dutelako sortutako Jangurie ekimenak
jarraipen batzordea burutu zuen joan den astean eskualdeko erakunde eta instituzioekin. Bertan, etorkizunerako lau ekintza plan zehaztu zituzten; horien artean, eskualdeko produktuen ekoizpena handitzeko estrategia garatzea.
Egitasmoak dituen erronka guztiak zerrendatu zituzten bileran, eta elkarlanagaz,
4 ekintza nagusi zehaztu zituzten. Hurrengo bilera ekainean burutuko dute.
Lehenengo ekintza planak,
eskualdeko produktuen ekoizpena handitzea du helburu, eta horretarako, estrategiak garatu nahi dituzte. Ekoizle berriak lortu nahi dituzte gazte zein langabetuetan; laguntza tekniko, teoriko eta materiala emanez. Komunikazio kanpaina bat egitea ere aztertu dute ekintza plan honetan, baita eskualdean ez dauden elikagaien ustiapenak lortzen saiatzea.
Egitasmoak gainera,
lurra lantzeko beste ekintza plan bat egin gura du; hau da, administrazioaren bitartekaritzagaz, “erabiltzen ez diren lurrak aprobetxatzea” du helburu. Ekoizle berriei tokia egin nahi diete, izan ere, “eskualdean lehen sektorean pertsona heldu asko daude, eta belaunaldi aldaketarako aukera ikusten dugu orain”.
Jangurie ekimenaren jarraipen batzordea. Argazkia: David Celaya
Hirugarren planak, sare laburreko komertzializazioan sartzeko
azpiegiturak sortzeari egiten dio erreferentzia. Produktuak eduki arren, horiek saltzeko tokia “beharrezkoa” dela adierazi dute Jangurie ekimenekoek: “Biltegi baten beharra ikusten dugu, eskoletako jantokietara bideratuko diren produktuak gordetzeko tokia izatea beharrezkoa baita”.
Laugarren
ekintza planak bestalde,
administrazioekin elkarlana bultzatu nahi du. “Eskola publikoek sukalderik ez dutenez, proiektua garatzeko araudia aldatzeko eskaera egiten dugu jangure eta beste eragileetatik”, esan du Jangurieko ordezkariak. Hala ere, hezkuntza sailagaz bildu nahi direla jakinarazi dute, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.
Erakundeen inplikazioa. Umeek osasuntsu jatea, Urdaibairen jasangarritasuna bermatzea eta eskualdearen ekonomia bultzatzea bilatzen ditu Janguriek. Hori horrela, guztien artean tokiko ekonomia bultzatu eta bertoko elikagaietan oinarritutako jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaile baten aldeko apustua egiteko bildu ziren erakunde eta instituzioak.
Ekimenaren bultzatzaileek Urdaibaiko instituzio eta erakundeen inplikazioa “guztien ardura” dela esan zuten, eta erakunde eta instituzioekin
aldebiko batzarrak burutu zituzten otsaila eta martxoa bitartean. Hori horrela, jarraipen batzordean Jangurie ekimeneko ordezkaritzaz gain, EH Bildu, EAJ, EA, Podemos, Guzan eta Izartu alderdi politikoetako ordezkariak egon ziren; baita Bizisare, Urremendi eta Urdaibaiko Patronatua erakundeetakoak.