Zapatu arratsaldean motor hotsak hartuko du Arratzu. Beste urte batez, Gernika OFF Roaden eskutik, eta udalaren zein aldundiaren laguntzagaz, Arratzuko Enduroa lehiatuko dute.
Euskadiko zein Nafarroako txapelketetarako puntuagarria den proba honetan parte hartzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 72 pilotu daude izena emanda. “Pilotu nafarrak ere etorriko dira, beraz, parte hartzaile kopuru zehatza zapatura arte ez dugu jakingo. 90-100 bat egongo direla aurreikusten dugu”, azaldu dute Gernika Off Road-eko ordezkariek.
Lasterketa
15:00etan hasiko bada ere, moto gidariak goizetik egongo dira Arratzun. 12:00etatik 14:00etara egiaztapenak egiten ariko dira.
Txomin Arana ereñarrak irabazi zuen iaz.
Bost kategoria lehiatuko dituzte; 23 urtez azpikoen txapelketa eta kopa, absolutu kategoriako txapelketa eta kopa eta beteranoak.
Marcos Beraza nafarra eta Borja Nieto balmasedarra dira lasterketa irabazteko faborito nagusiak.
Etxeko pilotuak. Bertoko moto gidariei dagokienez, Iñigo Ugalde gernikarrak, Endika Zabala eta Markel Barainka bedarutarrek, Julio Otazua munitibartarrak eta Jokin Aldamizetxebarria lekeitiarrak lehiatuko dute proba.
Halaber, Gernika Off Road-eko lizentziagaz ariko dira Peru Irazola, Lander Gomez, Josu Arrinda eta Leandro Gomez pilotuak.
Izena emandako gehienak absolutuen txapelketa kategorian daude: 26 pilotu. Adin tarte bereko kopa modalitatean hamazoartzi pilotuk izena eman dute. Bestalde, hamalau beteranok izena eman dute.
Sariak 20:00ak aldera banatzea aurreikusi dute antolatzaileek.