Atzo iluntzean ospatutako maiatzeko osoko bilkuran Pentsionistak Martxan taldekoek beraien eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuten, eta bertako hautetsiek aho batez onartu zuten eskaera. “Biztanleriaren %25a aintzat hartzeko” esan zioten udalari, eta onartutako eskaerak Gasteizko Jaurlaritzari eta Estatuko Gobernuari bialtzeko eskatu zioten.
Pentsiodunak Gernika-Lumoko osoko bilkuran
“Borondate politiko” batez ari direlako ustean, eta egoera “hobetu” nahian, bost eskaera aurkeztu zituzten pentsionistak martxan taldekoek. Gernika-Lumoko Udalari pentsioen %0,25eko igoera “ziztrina” arbuia dezala, eta pentsiodunen eros ahalmenari eusteko erreklamatzea eskatu zioten. Baita 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzea eska diezaiola Gasteizko Jaurlaritzari: “Euskal Herriari dagokion eran, eta Europako Gutun Sozialak esaten duena betez, Udalari eskatzen diogu Gasteizko Jaurlaritzari 1.080 euroko gutxiengo pentsioa ezartzea eska diezaiola”.
Gainera, Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Sistema ezartzeko nahia plazaratu zuten pentsiodunek, beraien “zaintzak bermatzeko” helburuagaz.
Gainera, 2019. urtean ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena “arbuiatzeko” eskatu zioten udalari; horrek pentsioen murrizketa “berria eta handia” ekarriko lukeela arrazoituz. Eta azkenik, onartutako eskaera hauek Estatuko Gobernuari eta Gasteizko Jaurlaritzari bialtzeko, eta babesa emateko esan zioten Udalari. Pentsionistak martxan taldekoek mozioa entzun ondoren, aho batez onartu zuten eskaera.
Hautetsien erantzuna. Pentsiodunek beraien eros ahalmena murrizten joan dela salatu zuten, eta “Estatuko Gobernuek, PPk eta PSOEk egin dituzten ondoz ondoko pentsioen erreformek kalte handia” egin dietela esan zuten: “Gu gara murrizketak jasaten ari garenak, hilabete bukaerara iristea kostatzen zaigu eta”.
Pentsionistak martxan taldeak egindako mozioa aho batez onartu zuten osoko bilkuran, eta pentsiodunek “arrazoi osoa” dutela defendatu zuen EH Bilduk; beharrezko borroka dela esanez. Gainera, pentsio txarrenak dituzten “gehien-gehienak” emakumeak direla aitortu zuten pentsiodunek; emakumeei aitorpen hori egitea azpimarratu zuen EH Bilduk.
Jose Maria Gorroño alkateak ere, mozioa onartuko duela jakinarazi zuen, eta hala egin zuten osoko bilkurako hautetsi guztiek.