Errefuxiatuen gizarteratzean laguntzeko adierazpena irakurri dute osoko bilkuran
Gernika-Lumoko udal gobernuko alderdi politikoek errefuxiatuen gizarteratzean laguntzeko adierazpen instituzionala irakurri zuten atzo, maiatzeko osoko bilkuran. Adierazpenak errefuxiatuen giza eskubideak errespetatzeari eta kulturartekotasuna bultzatzeari egiten dio erreferentzia.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eginiko eskaerari erantzun zion atzoko udal gobernuaren adierazpenak. Udalbatzak Zurrumurrurik Ez sareraren barnean sartzea adostu zuen. Baita Busturialdeko gizarte zerbitzuetako komunitateari “emigranteei eta errefuxiatuei” zuzendutako gida onartzeko eta sustatzeko eskatzea.
Arartekoko gomendioei kasu eginda bizilekurik gabeko pertsonak erroldatzeko eskubide historikoak “bermatuko” dituztela esan zuten, eta laguntza errefuxiatuei laguntza eskainiko dietela gehitu. Administrazio egoitza ziurtatzen duen agiria gauzatzeko aukera aztertzea ere adierazpenean bildutako puntuetako bat da.
Azkenik, “eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzea adostu dugu, etorri berriak diren emigrante eta errefuxiatuak gizarteratzeko, eta abegi oneko herria bihurtzeko”, adierazi du udalbatzak.
Beste bi adierazpen. Errefuxiatuen adierazpen instituzionalaz gain, 2016ko uztailaren 7an gertaturiko bortxaketaren sententziari buruz ere hitz egin zuten osoko bilkuran. “Udal honek eta Gernika-Lumoko herriak maitasun eta elkartasuna adierazten dio biktimari eta bere senideei”. Gainera, sententziak jasotzen duenagaz “erabateko desadostasuna” agertu zuten, eta justizia eskatzen duen aldarriagaz bat egiten dutela adierazi.
Bestalde, “etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde” daudela esan zuten. Gure Esku Dagok antolatutako ekainaren 10eko ekitaldiagaz bat egiten dutelako: “Demokrazian, askatasunean eta herritarron borondate demokratikoan oinarritutako ziklo berria eraikitzea dagokigu”.