Turismoa, lehen sektorea eta gazteria indartzeko enplegu plana abiatu dute
Eskualdeko enplegua sustatzeko ekimen multzoa abiarazi dute Busturialdeko udalek Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuagaz batera. Hiru proiektu berritzaile azaldu dituzte aurkezpeneanUrdaibai biziberritzeko asmoagaz eskualdeko plan enplegua aurkeztu zut...
Eskualdeko enplegua sustatzeko ekimen multzoa abiarazi dute Busturialdeko udalek Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuagaz batera. Hiru proiektu berritzaile azaldu dituzte aurkezpenean
Urdaibai biziberritzeko asmoagaz eskualdeko plan enplegua aurkeztu zuten atzo, Busturiko Ekoetxea Urdaibain. Busturialdeko herrietako udalek Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuagaz batera, turismoa, lehen sektorea eta gazteriaren arloak indartu nahi dituzte eskualdean.Enplegu plana garrantzitsua dela eskualdean adierazi dute aurkezpenean, planaren barnean ekoizten diren proiektuak bat datozelako eskualdeko jarduera ekonomiko garrantzitsuenekin: «Eskualdean turismoaren, gazteriaren eta lehen sektorearen ardatzak dira garrantzitsuenak». Horretarako, «elkarlana funtsezkoa» dela esan dute.
Eskualdeko lanbide planak 2012an jarri zituzten martxan, eta bi helburu nagusi finkatu zituzten orduko hartan. Batetik, Busturialdeko herritarrek eskualdean lan egitea, eta bestetik, entitate ezberdinen elkarlana bultzatzea. Hori lortzeko lanean dabiltzala eta «formakuntza eta gaikuntzaren arloak eguneratzeko beharrizana» dagoela azaldu dute ekimearen bultzatzaileek.
«Garapen jasangarria bideratzen duen gaikuntzaren eskaintza hobetu zitekeela ikusi genuen. Horrela, Busturialdeko garapen jasangarria hobetzeko formakuntza eta gaikuntza landu behar dira; ekonomian, ingurumenean zein giza baliabideetan».
Lehentasunezko lerroak ezarrita, ekintzak behar direla esan dute: «Formakuntza ekintzak egin behar dira sektore guztietan, eta udalen aholkularitza zerbitzua beharrezkoa da». Guztia bideratzeko bilerak martxan daudela jakinarazi zuten atzo.
Hiru ekimen
Aurtengo enplegu planaren barruan hiru proiektu berritzaile ari dira garatzen: Ezkutuko altxorrak, Lurbizi eta Urdaibai Silver. Gizarteko sektore ezberdinetara bideratutakoak dira, eta hirurak eskualdean burutuko dira.
Ezkutuko altxorrak proiektuak turismo jasangarria sustatzea du helburu. Eskualdean ezezagunak diren txokoak ezagutarazi nahi dituztela azaldu zuten atzo Busturian; turismo foko berriak ezarri, eta turistei aukera ezberdinak eskaini nahi dizkiete.
Lurbizi proiektuak, berriz, lehen sektorea garatzen du. Busturialdeko lehen sektorea babestera eta sustatzera bideratutako egitasmoa da, hain zuzen ere. Lehen sektorea dinamizatu nahi du, Gernika-Lumoko eta Bermeoko azokak eguneratuz. Eskola jantokietan eskualdeko produktuak ezarri nahi dituzte arduradunek, «eskualdean ekoizten denetik oso gutxi kontsumitzen baita bertan». Eta, azkenik, lur emankorra bultzatu nahi dute proiektu horren bitartez.
Urdaibai Silver hirugarren proiektuak 60 urtetik gorako biztanleei bideratutako zerbitzu berriak identifikatu eta proposatu nahi ditu. «Merkatu garrantzitsua da, astindu eta kontuan hartu behar dena».