Euskaraldikoek TELP tailerrak antolatu dituzte Bermeon
Euskaraldiaren baitan, Bermeoko antolatzaileek hiru saiotan egiteko TELP tailerrak prestatu dituzte.
EMUN kooperatibak egindako TELP (Espazio pertsonaleko hizkuntza tailerrak) tailerren helburua euskaraz hitz egiteari lotutako deserosotasuna murriztea da. Horrela, hizkuntza jokabide asertiboari esker gusturago egotea lortzen da eta hori lortzeko baliabide gehiago sortu.
Tailerretan parte hartuko duten pertsonek euskaraz gehiago hitz egiteko aukera izango dute, lasaiago sentituz. Hori posible egiteko oso baliagarriak dira maila kognitiboan, emozionalean eta fisiologikoan eskainiko diren baliabideak.
Saioen hartzaile potentzialak euskaraz egiteko gogoa duten hiztunak, edo hizkuntza kontzientziadunak, izango dira, oinarrizkoa baita pertsonek euskararekiko kontzientzia izatea. Kontzientzia horretatik abiatuta, estrategiak eskainiko zaizkie euskaraz erosotasun gehiagoz aritu ahal izateko.
Tailerrek guztira hamar orduko iraupena izango dute, eta hiru saiotan banatuko dira: lehenengoa bihar arratsaldean egingo dute, 17:30etik 21:00etara. Beste biak ekainaren 6an eta 13an egingo dituzte.
Parte hartu ahal izateko, izena ematea beharrezkoa da 688 85 06 59 telefonora whatsappez idatziz. Saioak doakoak izango dira.