Bikingoak etorriko dira Mundakara Jaun Zuriaren kondaira ezagutzera emateko
Zapatuan, maiatzaren 26an, Bizkaiko lehen jauna izan zen Jaun Zuriaren kondaira ezagutarazteko jaialdia egingo dute.
Jaialdia antolatzen duten lehen urtea da, eta Mundakan egun osorako ekimenak prestatu dituzte. 10:00etan emango diote hasiera Talan eskainiko duten Erdi Aroko Kanpamentu batekin, eta bertan IX. mendeko eguneroko bizitza nolakoa zen ikusi ahalko da, kanpamentu tipiko baten berregitearekin. 11:00etatik aurrera Arku Tiroen Erakusketa izango da herriko frontoian Bermeoko Arku Tiro Elkartearen eskutik, hurbiltzen direnentzako arkuarekin aritzeko aukera eskainiz.
13:00etan, Laidatxuko hondartzan egingo dute jaialdiaren ekitaldi nagusia, lehorreratze bikingo batekin. Mundakako hainbat elkarte eta taldek batera prestaturiko antzezlana izango da, eta Jaun Zuriaren, Bizkaiko lehen jaunaren, kondaira bizitzara ekarriko dute, betiere “kroniketan irakurri ahal dena” irudikatuz.
Antolatzaileek obra prestatzeko egindako lana nabarmendu nahi izan dute, eta hori aurrera eraman ahal izateko jaso duten herriko lagunen laguntza eskertu dute: “Mundakako ia elkarte guztiak batu gara antzezlana prestatzeko, eta lan izugarria egin dugu”.
Antzezlana bukatzerakoan bazkari herrikoia egingo dute herriko plazan. Bazkariaren menuan IX. mendeko ohiko platerak eskainiko dituzte: Erdi Aroko entsalada, oilaskoa sagardo erara, eta bukatzeko, gatzatua, nola ez, edateko sagardoarekin batera. Bazkarirako tiketak herriko tabernatan erosi ahal dira 10 euroren truke: Goikoan, Igontxun, Ibarralden eta La Leñeran, eta 160 pertsonentzako toki mugatua egongo da.
Arratsaldean nagusi zein umeentzako joko bikingoak jarriko dituzte, Talan, xake bikingoaz gain “ezustekoak” eskainiz. Jaialdiari bukaera emateko, musikaz alaituko dute gaua, eta hurbiltzen direnek Aiama, Zona Cero eta The Idems-en kontzertuez gozatu ahalko dute, 21:00etatik aurrera. Kontzertuen ostean, DJ Siesta Destroyer-en emanaldia egongo da, gauari bukaera ezinhobea emateko.
Antolatzaileek mundu guztia animatu dute jaialdira hurbiltzera, egun berezi bat igarotzeko gure herriko kondairez gozatuz.