Gaur Bermeok bere 24. Arrain Azokari emango dio hasiera. Herria jai giroz eta ospakizunez beteko da hiru egunetan.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “programa zabala” prestatu dute aurtengo azokarako, herriko tradizioei eutsita. Hainbat ekimen kultural antolatu dituzte egun berezi horietarako, eta aurten Arrain Azokak izango duen berritasun garrantzitsuena
Bermeo Tuna World Capital proiektuaren aurkezpen ekitaldia izango da. Gaur 12:30ean azokaren inaugurazioa baino lehenago egingo dute.
Bidegurenek azaldu duenez, BTWC
epe luzerako garapen sozioekonomikorako nazioarteko proiektu estrategiko bat da. Bermeo hegaluze sektorean herri erreferente bihurtzea izango da proiektuaren helburu nagusia, izenak berak adierazten duen modura.
Amets hori “oinarri sendo” batetik datorrela adierazi du Bidegurenek, Bermeon “ondare kultural, historiko eta enpresarial garrantzitsua” dagoelako. Alde batetik, “tradizio eta historia” eta bestetik “kontserben sektoreak izandako eragin sozioekonomikoa” dira
Bermeo hegaluzearen hiriburua bilakatu gura izateko arrazoiak.
Euskal Herriko
kontserba industriaren kontzentrazio handiena Bermeon dago, eta “atunontzien flota garrantzitsuena herrikoa da, ez Euskal Herri edo Espainiako estatu mailan bakarrik, Europa mailan baino”, azaldu du alkateak. “Arrantza iraunkor eta jasangarri bat egitea posible dela erakutsi dugu, gainera, arrantzaren sektoreak etorkizuna izateko eta biziraun ahal izateko beharrezkoa dena”.
Hori dela eta, gaur,
12:00etan,
atunontzi izozkailuen enpresei 22. Hegaluze Saria emango diete Lameran, “garai berrietara moldatzeko izan duten gaitasunagatik, ikuspuntu teknologiko zein ingurumenean emandako aurrerapausoengatik eta herriko izena munduan zehar zabaltzeagatik”.
Horren aitzindari izaten jarraitu nahi dute Bermeon, eta hori da BTWC sortzearen arrazoia. Proiektua aurrera eramateko, Bermeoko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, herriko elkarteak, kontserbagile enpresak eta atunontzietako ordezkariak
arrantzaren iraunkortasuna eta jasangarritasunaren alde lan egiten hasi dira.
Horrela, ideia eta harreman berriak sortzea bilatuko dute herriko enpresak indartu nahian, baina betiere “zer diren” eta “nondik datozen” kontuan izanda.
Elkarlanaren balioa
Proiektuari garrantzi handia eman dio udalak, “sektoreko arduradun eta ordezkari guztiak batzen diren lehenengo aldia” dela nabarmenduz. “Ez da erraza izan elkarlan hori aurrera eramatea, baina denak batzen gaituen helburu amankomuna daukagu oraingo honetan”, adierazi du Bidegurenek.
Horrela, gaur egingo duten aurkezpenean proiektuaren helburuak eta asmoak
deklarazio kolektibo baten bidez azalduko dituzte.
Aurkezpenaz gain, azokara hurbiltzen direnek BTWCi eskainitako 300 metro karratuko karpa aurkituko dute, eta bertan proiektuaren inguruko hainbat jarduerez gozatu ahalko dute. Karpa “kulturaren eta zientziaren gunea” izendatu du Bidegurenek, eta
ohiturek eta berrikuntzek bat egingo dute gazte zein nagusiei zuzendutako espazio horretan.
Azokaren ordutegia 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da gaur eta bihar, eta 11:00etatik 15:00etara domekan. Alkateak nabarmendu du azoka “era guztietako ekimen eta berritasunez beteta” datorrela, Bermeoko herria eta bertoko produktuak eta enpresak ezagutzeko. Aldi berean, jai giroaz gozatzeko aukera paregabea” eskainiko duela aldarrikatu du.
Ospakizuna Bermeok eskaintzeko duen “ondarearen erakusleihoa” izatea bilatu du udalak, eta “itsasoak emandako identitatea” zabaldu nahi izan du. Horretarako, 21 erakustoki jarri dituzte, bertoko produktuak dastatu eta erosi ahal izateko. Horrez gain, azoka “proiektu berriak zabaltzeko” aukera aparta dela uste dute, eta horretarako era guztietako
ekimen historiko eta kulturalak prestatu dituzte.
Iaz egin modura, azokan bakarrik ikus daitezkeen
arrain salmenten simulazioak egingo dituzte Kofradian; salerosketak zelan egiten diren ezagutzeko balioko dute. Beste aldetik, Hegaluze itsasontzian irtenaldiak antolatu dituzte, eta Galerna elkarteak belaontzian nabigatzeko aukera eskainiko die umeei. Gainera, Aita Guria baleontzirako eta Arrantzaleen Museorako sarrerak dohainik izango dira.
Azokari bukaera emateko,
Ardoa eta Arrainaren ibilbideari amaiera emango diote
domekan. Bermeoko erraldoiek eta dultzaineroek harrera egingo diete ibiltariei.
Tren zerbitzuak indartu
Euskotrenek Bermeo eta Gernika-Lumo artean Arrain Azokaren harira garraio zerbitzu bereziak eskainiko dituela iragarri du.
Bihar goizez eta arratsaldez zenbait tren berezi egongo dira, eta gauerditik aurrera, orduro ariko dira.
Domekan, berriz,
goizez indartuko dute zerbitzua, eta arratsaldean ohiko ordutegiak mantenduko dituzte.
Informazio gehiagorako, Euskotrenekin harremanetan jar daiteke, 943-33 33 33 zenbakira deituta edo
www.euskotren.eus webgunera sartuta.
EGITARAUA:
GAUR, MAIATZAK 18
- 11:00. 24. Arrain Azokaren irekiera.
- 11:00-12:00. Basque Culinary Centerren erakusketa Camposen eskutik BTWCen.
- 11:00-14:00. Nautika eskolako ate irekiak.
- 11:00-22:00. Arrantzaleen Kofradia Zaharrean atun errea eta marmitakoa jateko aukera.
- 12:00. Hegaluze Saria, Lameran .
- 12:30. Bermeo Tuna World Capitalen aurkezpena, Lameran.
- 13:00. Arrain Azokaren hasiera ofiziala, Lameran.
- 13:00-14:00. Basque Culinary Centerren erakusketa Camposen eskutik, BTWCen.
- 17:00. Galerna elkarteko kideek umeekin irteera elkarteko belaontzietan edur fabrika aurretik.
- 17:00. Erakusketak, tailerrak, aurkezpenak eta dastaketak azokan parte hartzen duten enpresen eskutik, BTWCen.
- 17:30. Aztiko Iñigo Onaindiaren aurkezpena: Tunidoen markaketa, BTWCen.
- 18:30. Euskaraldia eta hamaikakoaren taldea aurkezteko ekimena, BTWCen.
- 20:00. Alkartasuna Dantza Taldearen ekitaldia, Lameran.
- 21:00. Larrain Dantza Herrikoia, Portuzarrean.
BIHAR, MAIATZAK 19
- 11:00. Arrain Azoka V. Ikurrina estropada.
- 11:00. Nagusientzako nabigazio simulagailura bisita, eta familientzako korapilo tailerrak eta planetariumera bisita, Nautika eskolan.
- 11:00-22:00. Arrantzaleen Kofradia Zaharrean hegaluze errea eta marmitakoa jateko aukera.
- 12:00. Irtenaldia Hegaluze itsasontzian Gaztelugatxera.
- 12:00. Danborrada. Ibilbidea: Alde Zaharra, Lamera, Gaztelu eta Portuzarra Bermeotarrak fanfarreagaz. Hurre-Hurre eta Adiskide txokoek antolatuta .
- 12:00. Kalejira Musika Eskolako haize taldea, Kankinkabara taldea eta Arrekatxutxa taldeekin, Lameran eta Portuzarrean .
- 12:00-14:00. Ikasgela: muxilen esperma atera, itsas trikuen enbrioiak sortu eta mikroalgen erreaktoreen azalpenak (PIE-EHU/UPV), BTWCen.
- 12:30. Arrain salmenta simulazioak Kofradian, Erroxape kaian (gaztelaniaz).
- 13:00. Tunidoen markaketa Iñigo Onaindiaren eskutik, BTWCen.
- 13:30. Arrain Azoka V. Ikurrina batelen estropadaren sari banaketa, Lamerako kioskoan.
- 17:00. BTWCen erakusketa, tailer, aurkezpen eta dastaketak.
- 18:00. Irtenaldia Hegaluze itsasontzian Elantxobera.
- 18:30. Arrain salmenta simulazioak Kofradian, Erroxape kaian (euskaraz).
- 20:00. Habanerak, frontoian.
DOMEKA, MAIATZAK 20
- 11:00. Arrantzaleen Kofradia Zaharrean hegaluze errea eta marmitakoa jateko aukera.
- 11:30-13:00. Ikasgela: muxilen esperma atera, itsas trikuen enbrioiak sortu eta mikroalgen erreaktoreen azalpenak (PIE-EHU/UPV), BTWCen.
- 12:00. Irtenaldia Hegaluze itsasontzian Elantxobera.
- 12:30. Bermeoko Erraldoien konpartsa, Lameran eta Portuzarrean.
- 12:30. Arrain salmenta simulazioak Kofradian, Erroxape kaian (gaztelaniaz).
- 13:30. Arraina eta Ardoaren ibilbidearen azken etapa eta harrera, Lameran.
- 18:00. Irtenaldia Hegaluze
*ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
‘Eztauela Bermiolakorik’ bideoa egin du Arrigurik Arrain Azokarako