Oroimenaren alde eginez
1937ko maiatzaren 14an bukatu zen Sollubeko bataila. Astebetez borroka latzak bizi izan zituzten faxismoaren aurka aritakoek, eta 300 hildako baino gehiago izan ziren. Domekan bildu ziren haiek gogoratzeko asmoagaz.Bermeoko memoria historikoa berreskur...
1937ko maiatzaren 14an bukatu zen Sollubeko bataila. Astebetez borroka latzak bizi izan zituzten faxismoaren aurka aritakoek, eta 300 hildako baino gehiago izan ziren. Domekan bildu ziren haiek gogoratzeko asmoagaz.
Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten ari den Sollube 1937 elkarteak ekitaldia antolatu zuen domeka eguerdian Mañu auzoan, Solluben hildako gudariak eta faxismoaren aurka bizitza eman zuten gudariak omentzeko.Taraskatik atera ziren zenbait lagun mendi martxan Mañu auzoraino, eta, bidean, batailak gertatu ziren tokiak bisitatu zituzten.
Euria ez zuten lagun izan, eta, hortaz, aterpean egin behar izan zuten ekitaldia. Sollube 1937 elkarteko kide Andoni Santiagok hartu zuen hitza, eta bertaratutakoei eskerrak emanaz hasi zuen ekitaldia. Memoriaren alde lan egiten duten norbanako zein kolektiboak omendu gura dituztela aipatu zuen: tartean, Esteban San Pedro. Bestalde, gogoratu zuen «faxismoaren aurka eta askatasunaren alde egin zutela Sollubeko bataila hartan», eta bertan, 300 hildako baino gehiago egon zirela. Antifaxismoaz jardun zen, eta 36ko gerraren ostean ere «garrantzia» izan duela azpimarratu zuen; Bigarren Mundu Gerran eta gaur egun ere. Egun, gainera, faxismoak «era eta aurpegi ezberdinak» dituela adierazi zuen.
Sare Antifaxistako kideak hartu zuen ondoren hitza. Oroitu nahi izan dituztenen izenak aipatu zituen: Pedro Madariaga eta Marcelino Bilbao; biak ala biak nazismoaren biktimak. Horiek eta gainontzekoak ahanzturan gera ez daitezen, oroimenaren, duintasunaren eta erreparazioaren aldeko aldarria egin zuten.
Juan Mari Zulaikak, aldiz, Maria Servini epailea ikertzen ari den frankismoaren krimenen kontrako auzia izan zuen hizpide atzoko ekitaldian. Hala, auzi horretan, kereilak jarri izan direla azaldu zuen, baina horiek «blokeatuta» daudela jakitera eman zuen. «Amnistia Legearen aitzakiapean, gobernuak ez du utziko epaile argentinarra hona etor dadin, eta berton aitorpenak har ditzan». Hala ere, borrokan jarraituko dutela aldarrikatu zuen, «egiaren eta justiziaren alde, eta bihotz-bihotzetik oroimen handiagaz».
Bermeoko alkate Idurre Bideguren ere izan zen atzo Mañuko ekitaldian, eta memoria ikertzen, aztertzen, lantzen eta zabaltzen ari den taldea eskertzeko aprobetxatu zuen momentua. Bakoitza emateko daukan lekutik ematen saiatu behar da, alkatearen ustez.
Udala, bere aldetik, erreparazioaren alde pausoak ematen jarraitzeko prest dagoela adierazi zuen Bidegurenek. «Historiatik asko daukagu ikasteko, jarrera kontuetatik asko daukagu ikasteko: 36ko gerran gudariek erakutsi zuten kemena, askatasunerako gosea, indarra… Beraz, oroimen ekitaldi honetan, horientzako goraipamen bat».
Urte hartako maiatzaren lehenengo hamabostaldia gogorra izan zela gogora ekarri zuen alkateak, «baina orduz geroztik ere, herri honek sufritu izan duena eta frankismoak utzi duen eragina, dela politiko, ekonomiko, kultural zein soziala, gogorra izan da, urte askotan»
Modu berean, frankismoak gizartean utzitako eragin hori gudariengan ez ezik, bigarren maila batean egondakoengan ere izan zuela adierazi nahi izan zuen.
Bukatzeko, mikrofonoa alde batera utzita, aurreskua dantzatu, talde argazki bat atera, eta mokadutxoa jateko aprobetxatu zuten Mañu auzora bertaratutakoek.