San Isidro eguna ospatu dute gaur Ibarrangelu, Ajangiz, Murueta eta Lumon. Nekazarien santuaren egunean landareek presentzia izan dute, baita urteroko meza eta herri janak.
Nekazarien eguna da San Isidro, nekazaritzaren mundua baserri eremutik atera eta herriko plazetan ospatzen den egun seinalatua. Urtero legez, nekazariek jai giroz bete dituzte eskualdeko herriko plaza eta tabernak. Ibarrangelun, Ajangizen, Muruetan zein Lumon ospatu dituzte sanisidroak.
Nekazarien eguna festa giroan igarotzeaz gain, nekazaritzak egunerokoan duen garrantzia azpimarratzeko eguna ere izan da maiatzaren 15a Ibarrangelun; landareak lurretik ateratzearekin batera, gazteak nekazaritzan murgiltzea helburu izan du egunak. Haziak lursailean ez ezik, gazteengan erein behar direla aldarrikatzeko eguna izan da Busturialdeko herri horretan.
Sanisidroak Ibarrangelun
Hori horrela, belaunaldi guztietako herritarrak elkartu dira plazan. Ibarrangelu herri nekazaria dela aldarrikatu nahi izan dute, eta horretarako, San Isidro santuaren bizitzari buruzko antzerki txikia egin dute Ibarrangeluko Merkatua elkarteko kideek Haizeder Eskolako umeen eta herritarren aurrean; Isidro santuaren nekazal bizitza antzeztu dute.
Gerora, baserritarrez jantzitako Haizeder eskolako umeek landara banaketa egin dute; eskolako ortua hobetzeko asmoagaz zenbait barazkiz osatutako landareen kit-a banatu dute ikasleek. Plazara hurbildutakoa herritarrak landareekin bueltatu dira etxera.
Goizetik berotu da herriko giroa Ibarrangelun, eta eguerdian, trikitilariekin musikagaz jarraitu du festak.
Tradizioak agindu modura, Lumon ere San Isidro eguna ospatu dute. Urtero legez, meza egin dute, eta lumotarrek prozesioan ateratzen dute santuaren irudia plazara.
Ajangizen eta Mutrikuko Olatz Auzoan ere ospatu dituzte sanisidroak; meza eta bazkariagaz ospatu dute eguna ajangiztarrek eta mutrikuarrek.
Muruetako San Isidroak. Herri txikietan festa handiak izaten dira, eta Ajangiz zein Mutrikun egin modura, meza egin dute Muruetan, gaur.
Muruetako erronka rugbilari eta sokatirako taldearen artean.
Urtero egin izan duten moduan, hamaiketakoa, herri bingoa eta bolo txapelketa egin dituzte, baita eskola arteko sokatira txikia ere. Idi probek beraien lekua izan dute, eta txokolate janak ere. Hala ere, aurten, gaur ez ezik, domekaz ere ospatu zituzten festak Muruetan.
Janariagaz, mezagaz, kirolagaz eta landareekin ospatu dituzte, beraz, aurtengo sanisidroak eskualdeko herrietan.