Herri txikietan, festa handiak izaten dira sarritan, eta Muruetan, jairik, behintzat, ez da falta sanisidroetan. Egutegian gorriz markatutako eguna da muruetarrentzat maiatzaren 15a, San Isidro eguna. Eta egun horretan izango dituzte, urtero legez, hamaiketakoa, herri bingoa eta bolo txapelketa, eskola arteko sokatira txikia, idi probak zein txokolate jana. Hala ere, aurten, martitzenez ez ezik, domekaz ere iritsi da festa Busturialdeko herri horretara.
Herriko frontoian aterpe hartuta elkartu dira Muruetako zein inguruetako bizilagunak goizean hasita. Jende andana bildu da bertan. Danborrada txikia egin dute lehenengo herriko txikienek, eta aizkolari nagusi zein gazteek hartu dute lekukoa ondoren. Kirola eginez eta ikusiaz jarraitu dute herriko frontoian; izan ere, Murueta sokatira taldearen eta Gernika Rugby taldekoen arteko norgehiagoka nagusitu da bertan. Txokorrak batzen aritu dira lehenengo, eta kirol ikustaldi berezia egin dute ondoren. Rugby taldeko emakumeak uztartze batean murgildu dira, eta bitartean, sokatiri tiraka aritu dira taldeko mutilak, bien arteko lehia sortuz. Alderantziz ere egin dute. Ostean, Muruetako sokatiralarien txanda izan da. Errugbilariak uztartzean, eta etxekoak sokari tiraka aritu dira lehenengo, eta alderantziz egin dute ostean; talde biek kirol modalitate biak probatuz.
Bazkaltzeko unea ere iritsi zaie muruetarrei, eta herri bazkarian bildu dira 250 bat lagun. Sabelak ondo bete ostean, lasaitasunean, Giorgio Rodri magoaren ikuskizuna dute orain aukeran herrian.
Madrilgo magoaren saioa bukatuta, Rock&Kids band in concert tailer dantza musika ikuskizuna izango dute, eta egunagaz bukatzeko, txokolatea izango da aukeran bertaratutakoentzat.
Martitzenean jarraituko du jai giroak herrian.