Hamaseigarren urtez hartu du Erdi Aroko Azoka Gernika-Lumok. Urtero legez, barikuan zabaldu zuten, eta gaur dute herritarrek berau bisitatzeko azken eguna. Aurrekoetan baino saltoki gutxiago ikusi izan ahal dira Merkatu plazan; hala ere, jendearen arreta bereganatu du, beste urte batez. Eguraldi txarrari ihes eginez, askoren aterpe bilakatu da asteburuan Merkatu plaza, eta bertan kokatutako azoka.
Barikuan arratsaldez ireki zuten azoka, baina atzo eta gaur goiz eta arratsaldez ere izango da bertako salmahietatik igarotzeko aukera. Gaur, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.
Tarte horretan, hainbat produktu ikusi edota erosteko aukera izango dute bertaratutakoek: larruzko artisau-lanak, zeramikazko eskulanak, burdin lanak, lore lehorrak, lurrinak… Gainera, Erdi Aroko errezetak ere dastatu daitezke.
Halaber, adin guztietarako ekintza eta ikuskizunak izaten ari dira aukeran egunotan Merkatu plazan: magia lantegiak, jolasak, aztiak, pregoilariak, noriak…