Gogotsu naturaren eta parekidetasunaren alde
Busturiko Euskal Confintean batu dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 21 ikastetxeetako ordezkariak. Klima aldaketaren eta genero berdintasunaren inguruan hitz egin dute gazteek bileran.Gaur egungo gizartean pil-pilean dauden eta elkarren arteko lotura au...
Busturiko Euskal Confintean batu dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 21 ikastetxeetako ordezkariak. Klima aldaketaren eta genero berdintasunaren inguruan hitz egin dute gazteek bileran.
Gaur egungo gizartean pil-pilean dauden eta elkarren arteko lotura aurkitzea zaila den bi kontzeptu dira klima aldaketarena eta parekidetasunarena. Bi gaien arteko lotura aurkitzea zaila den arren, Euskal Confintean (Nazioarteko Gazteen Konferentzia) berdintasuna eta ingurumena elkartzea lortu dute gazteek. Urtero legez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 21 ikastetxetako ikasleen ordezkariak Busturiko Ekoetxea Urdaibain batu ziren eguaztenean. Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak izan ziren Busturialdekoak.Planeta zaintzea helburu nagusi duen ekimenak planetak jasaten duen ingurune krisiaren kontrako gazteen konpromisoa eta erantzukizuna bilatzen du. Hezkuntza prozesua da Confint, adin ezberdinetako eta herri, eskualde, erregio edo kontinente ezberdinetako gazteen arteko prozesu elkarreragilea; elkarregaz ikasteko eta jokatzeko.
Klima aldaketa, baina, gizartean dagoen arazo larria da; baita emakumeek zientzian bizi duten bazterketa ere. Bi kontzeptu horiek Homeward Bound proi- ektuak uztartu ditu, 80 emakumek osatutako espedizioak hain zuzen ere. Besteak beste, ingeniari, biologo, irakasle zein politikari diren 80 emakumek Antartidara bidaiatu zuten, eta hilabete batean klima aldaketaren eraginak aztertu zituzten; horien artean egon zen Uxua Lopez ingeniaria.
Lopezek Ekoetxea Urdaibain batutako ikastetxeetako ordezkariei bere esperientzia azaldu zien. Gerora, arratsaldean, ikasleek, Antartidan herrialde desberdinek dituzten estazioetan egiten dutena landu eta aurkeztu zuten hitzez eta horma irudi bat osatuz.
Landutakoaren aurkezpenak egin ahala, Lopezek bere esperientzian oinarritutako galderak erantzun zituen. Batez ere, emakumearen berdintasunari buruzko galderak. «Emakumearen lana ezagutzera eman nahi izan dugu Homeward Bound proiektuagaz, eta emakume izateagatik presio zuzenak jasan ez ditugun arren, diskriminazio txikiak bizi izan ditugu».
Antartidako biodibertsitatean klima aldaketaren eragina «nabaritzen» hasi dela ere azaldu zuen, lekuak jasotzen duen «turismoaren» ondorioa dela azalduz.
Proposamenak
Ikasleek aukera berdintasunaren eta klima aldaketaren arazoa «ezagutarazi» gura dutela esan zuten, eta klima aldaketaz jendea «informatzea beharrezkoa» dela gehitu. Gainera, «neurriak hartzea» beharrezkotzat ikusi zuten, eta birziklatzen hasiko zirela aitortu.
Urtero egin legez, aurten ere, Sukarrietako Ingurumen Hezkuntzako Zentroak parte hartu zuen ekitaldian, eta ikastetxe bakoitzari landare bat oparitu zioten ikasleek, beraien ikastetxeetan landatzeko; joan-etorrian sortutako emisioak parekatzeko baliagarriak izango zaizkie.
Arazoak ezagutaraztera ematearen garrantzia bileraren ondorio nagusia izan bazen ere, parekidetasunaren eta naturaren alde egiteko beharrezko tresna «nahi izatea» zela azpimarratu zuten Confintean parte hartu zuten gazteek.