Gerraren apologia
Kontraesana. Unescok berak izendatutako Bakearen Hirian, gerrak herri xehearengan eragin zuen lazgarrikeria sinbolizatzen duen herri ereduan, sufrimena eta ankerkeria Picassok kuadro sonatuan erreproduzitu zuen hiribilduan, hain zuzen ere.Hipokresia. E...
Hipokresia. Eta hara non, Gernika-Lumoko alkate bakezalea omen denari otu zaion bi soldaduen eskultura figuratibo egin dezatela agintzea, eskuetan fusil bana, askatasunaren aldarri balira bezala, armak jasotzea legezko eta legitimoa dela aldarrikatzen, askatasuna bada helburu. Hau da, askatasunaren alde dena ematea, zilegi dela aldarrikatzen duen leloa oinean txertatuta duelarik.
Ebidentzia. Euskal Herriak aske izateko hainbat eta hainbat borroka egin ditu. Mila urte daramagu aske izan nahi izatearen helburuaren atzetik borroka eginez modu batean edo bestean, eta oroigarriak izateko, gudariek besteko ohorea dute beste hauek ere: ganboarrak eta agramondarrak, Santa Kruzeko apaizak edo Matalasek berak ere. Denek borrokatu zuten Euskal Herriaren alde, askatasuna lortze aldera.
Zalantza. Askatasunak libre izatearen irudiarekin zerikusia duelakoan nago, hots, inoren menpe barik norberaren buruaren jabe izatearekin. Eta gauza jakina da uztarri berean lotutako idiari eta zezenari bide bera egitea zail egingo zaiela, bakoitzak bereari ekin nahi dionez gero, nahiz eta zezenak uste duen mundu honetan berarena dela bakarra.
Historia. Mundu mailako Bigarren Gerra Nagusian Japoniako Subirachi mendia konkistatu zuten yankiek Iwo Jimako batailan (sei hilabete geroago etorriko ziren Hiroshima eta Nagasakiko sarraskiak) eta munduaren begietara irudi eta argazki ezagunentzat geratu da txertatuta historiako liburuetan eta memoria kolektiboan. Duela 70 urteko gerra irudia. Gernika-Lumokoa bezalakoa.
Anakronismoa. Anakronikoa da garai honi ez dagokion irudia era inposatuan jartzea Pasealekuan. Iraganeko kontu bat, gerra aipamena egiten duena, balizko Bakearen Hirian. Eta jarritako eskulturatik 40 metrora gudarien omenezko beste horma irudi bat jarrita dagoela ikusita, alkatearen kapritxo berri honi megalomania kiratsa dariola uste dut.
Handiustea. Faraoien irudia betikotzeko piramideak eraikiarazi zituzten agintariek sasoi batean, haien izenak eta eginak historian zehar gogoratuak izan zitezen. Gure herriko faraoi txikiak eskulturez jantzi du herria geroan gogoratua izan dadin, aginpide dibinoak jota burutzen baititu berari omen dagozkion jardunbide artistiko guztiak eta.
Hitzatzea. Apirilean, Gernika-Lumon gerrari gorazarre egin zaio eskultura baten bidez, eta maiatzaren 4an, Kanbon (Lapurdi) talde armatu baten desagerpena egiaztatu dute.