San Isidro eguna ospatuko dute Muruetako herritarrek martitzenean; meza eta bazkaria egingo dituzte jai eguna girotzeko.
Herriko jaiak egun seinalatuak izan ohi dira, eta maiatzaren 15a borobildutako eguna da Muruetan. San Isidro jaiak ospatuko dituzte martitzenean, lagun artean.
Hala eta guztiz ere, muruetarrak domekan hasiko dira herriko giroa berotzen. Ekintzez betetako eguna antolatu dute; meza, danborrada, bazkaria, magia eta txokolate jana izango dira aukeran.
Aurtengo berritasuna, baina, kirolak dakar. Aitor Bizente eta Irune Izko aizkolariak iaz lortutako marka gainditzen ahaleginduko dira domekan; gizonezkoetan, Atutxa eta Mugarza, eta emakumezkoetan, Aristegi eta Sorondo.
Bigarren berritasuna herri kiroletan dago, Gernika Rugbi Taldearen eta Murueta Sokatira Taldearen arteko erronka egongo baita probalekuan.
Lehiaketak alde batera utzita, herri bazkaria egingo dute; bertan, 250 herritarrek parte hartuko dutela adierazi dute antolatzaileek. Gainera, dantza eta musika ikuskizun berezia ere egongo dira maiatzaren 13an.
Ekintza guztiak probalekuan egingo direla esan dute antolatzaileek, baina euria eginez gero, frontoian ospatuko da eguna.
Martitzeneko ekintzak. Muruetan, goizeko mezaz gain, herri bingoa eta bolo txapelketa egingo dituzte. Eskualdeko eskola ezberdinek eskola arteko sokatira lehiaketan parte hartuko dute, gainera.
Idi probrak egongo dira ondoren, eta muruetarrek suziriekin eta txokolate janagaz agurtuko dute eguna.
Egitaraua:
- Maiatzak 13, domeka
– 11:15. Meza nagusia.
– 12:00. Danborrada txiki, herriko gaztetxoekin.
– 12:15. Urrezko aizkolariak-Muruetako errekorra (1. mailako gizonezkoak lehenengo, eta emakumezkoak ondoren). Bitartean, aizkolari txikien ekitaldia.
– 13:30. Herri kirolak. Murueta sokatira taldearen eta Gernika Rugby taldekoen arteko norgehiagoka.
– 15:00. Herri bazkaria.
– 17:00. Giorgio Rodri magoaren ikuskizuna.
– 18:00. Rock&Kids band in concert tailer dantza musika ikuskizuna.
– Amaitzeko, txokolate jana.
- Maiatzak 15, martitzena
– 11:15. Meza nagusia.
– 12:00. Hamaiketakoa.
– 13:00. Herri bingoa eta bolo txapelketa.
– 18:00. Eskola arteko sokatira txiki.
– 19:30. Idi probak.
– 21:00. Jaiari agurra: txokolate jana, suziriak eta bolanderak.