Gautegiz Arteagan egingo dute barikuan eskola txikien jaia
Busturialdeko eskola txikietako ikasleek urteroko hitzordua dute barikuan. Aurten, Gautegiz Arteagako Montorre eskolak hartuko du eskola txikien jaialdia, eta urtero legez, Busturiko Jose Maria Uzelai eskolako, Mundakako eskolako, Natxituko Haizeder eskolako eta Muxikako Urretxindorra eskolako ikasleek parte hartuko dute Montorre herri ikasletxeko ikasleekin batera.
Herriko eskolen garrantzia azpimarratzea da aurtengo jaialdiaren helburua; izan ere, antolatzaileen berbetan, umeek “herriaren nortasunean, herriko giroan eta kulturan integratuak, eta bere herrikoa izateaz harro sentiaraztea ahalbidetzen dute herriko eskolek”. Guztira, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 447 ikaslek parte hartuko dute jaialdian.
Ana Astelarra Montorre eskolako zuzendariak eskolek herritarrei hurbiltasuna eskaintzen diela adierazi du, eta gehitu du, “haziaren zaintzak fruituaren kalitatea hobetzen eta etorkizuna bermatzen” duela.
Bestalde, Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak parte hartzaile guztiek “asko gozatzea” espero duela esan du, eta eskola txikien garrantzia nabarmendu du: “Ezinbestekoak dira eskola txikiak, herrikoa izateaz harro sentiarazteko, herrian integratzeko, eta herriarekiko elkartasuna sorrarazteko baliagarriak dira-eta”.
10:15etan hasiko dute Eskola Txikien Jaia. Ordu horretan, Montorreko ikasleek harrera egingo diete gainontzeko ikasleei; ondoren, taldeko argazkia aterako dute.
Ostean, 11:30ean egingo duten musika emanaldirako probasaioak egingo dituzte zikloka. Probasaioak egin ostean, hamaiketarako tartea edukiko dute.
Musika emanaldiaren ostean, jolasteko aukera izango dute umeek, eta 13:15ean, bazkaldu egingo dute. Jaialdia umeen bertsoekin eta hurrengo eskolari lekukoa pasatzeagaz bukatuko da 14:45ean.