San Kristobal plaza eraberritzeko planaren lehen fasea bukatu dute
Obren aurrekontua 23.000 eurokoa izan da. Espaloia konpondu eta inguruko zuhaitzak kendu dituzte, oinezkoei leku gehiago uzteko. Busturiko beste auzo batzuetan ere obrak egin dituzteBusturiako Udalak San Kristobaleko plazaren eta haren inguruko egoera ...
Obren aurrekontua 23.000 eurokoa izan da. Espaloia konpondu eta inguruko zuhaitzak kendu dituzte, oinezkoei leku gehiago uzteko. Busturiko beste auzo batzuetan ere obrak egin dituzte
Busturiako Udalak San Kristobaleko plazaren eta haren inguruko egoera hobetzeko obrak bukatutzat eman ditu. Orain dela 20 urte berriztatu zen enparantza azken aldiz, eta, beraz, haren egoera «kezkagarria» zela ikusita, udalak plaza eraberritzea erabaki du.Horretarako, plaza inguruko espaloiak konpontzeari ekin zioten. Hango harlauzak apurtuta zeuden, zuhaitzen sustraien ondorioz. Beraz, arbola horiek kendu eta espaloia berriztatu dute, leku libre gehiago utziz. Gainera, plazan zeuden jarlekuak ere berritu egin dituzte; konpontzeko aukera zeukatenak mantendu eta gainerakoak aldatu.
Ez hori bakarrik, zaborra biltzeko edota birziklatzeko edukiontziak tokiz aldatu, eta plazaren sarrera ondoan horientzako egindako gune batean kokatu dituzte. Horrez gain, umeek jolasteko zeukaten piramidea kentzea erabaki dute.
Obra horiek aurrera eramateko aurrekontua 23.000 eurokoa izan da. Hala ere, egindako berriztapen horiek San Kristobal plaza eraberritzeko lehen fasea baino ez dute osatzen. Udalaren arabera, aurton bigarren fase bati hasiera emateko aurreproiektua eskatuta dago jada, eta horren onarpenaren zain aurkitzen dira.
Bigarren fasea
Gaur egun San Kristobal plazari erabilpenik ematen ez zaiola adierazi dute; udalerriko jaiak ospatzerakoan ematen diote bakarrik erabilpena. Hori ekiditeko, udalak berriztapen obra ugari prestatu ditu.
Hasteko, plaza ondotik igarotzen den errepidea oinezkoentzat egokituko dute. Horrela, plaza inguruagaz integratzea bilatuko dute; zabalera emango diote, oinezkoentzat erakargarriagoa eginez. Gainera, enparantzak sarrera berri bat edukiko du Zelaiondo erretiro etxearen ondoan. Sarrera errazteko, iturri eta jarlekuak kendu edota lekuz aldatuko dituzte.
Hori eginda, plazak duen beste arazoetako bat zuzentzea bilatzen da: plaza ondoko aldatsean euriteengatik jazotako ur jarioa kontrolatzea. Jarioa banatuz eta antolatuz uraren indarra berbideratzea eta ur atxikipenak ekiditea lortuko litzateke.
Plazako lurzorua aldatzea da proiektuaren beste jomugetako bat. Orain dagoen lurra irristakorra eta arriskutsua dela deritzo udalak, eta, beraz, inprimatzeko hormigoiagaz berrituko dute lurzorua. Aldaketa horregaz, plaza guztia altuera berean geratuko da.
Estalitako gune bat kokatzeko asmoa ere badaukate; eta aterpe guneaz gain, eserlekuak ere jarriko dituzte. Estalguneak agertokia bertan jartzeko aukera eskainiko du aipatutako jarlekuen gainean kokatuko dute kontzertuetan.
Amaitzeko, ermita ondoan 140 metro koadroko lursaila erosteko asmoa daukate, gunea plazagaz integratzeko. Errepidearen peatonalizazio lanekin batera ermita inguruko lurrak hartuta, plaza zabalduko dute.
Beste auzoak berrituz
Busturiko beste hainbat auzotan ere berriztapen lanak egin ditu udalak. Hasteko, Axpe auzoko espaloia eraberritu egin dute futbol zelaitik Tenis jatetxerainoko espaloia konpondu dute, Gizarte Etxeko teilatua ere zaharberritu egin dute, hezetasun arazoak eduki ondoren. Jose Maria Uzelai herri ikastetxeko beheko solairuko komunak berritu eta egokitu dituzte. Horiez gain, Txirapozu jauregiaren eta Gaubeka auzoaren artean dauden bost kaleargi aldatzeko lana ere egin du udalak, LED teknologiadun argiak jarriz. Bukatzeko, Atxirika bidea konpontzeko lanei amaiera eman die.